Arimen Gaua edo Gau Beltza urriaren 31ren bueltan Euskal Herriko ohituretan oinarrituta egiten den ospakizuna da. Ohitura zaharrak berreskuratuz batzuetan, eta jaia berrasmatuz bestetan, inguruotako hainbat eta hainbat herritan udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen hasi dira. Kanpotik etorritako ereduak (Halloween jaia, adibidez) alde batera lagata, tokiko errealitatera egokitutako egitasmoek eta ospakizunek indarra hartu dute azken urteotan.
Herri horien zerrendara batuko da aurten Deba. Herriko norbanako eta eragile ugarik elkarlanean antolatutako egitarau zabala iragarri dute datozen egun eta asteotarako (HEMEN ikusgai). "Euskara, komunitatea, natura, berdintasuna, aniztasuna eta izaera" bezalako baloreak oinarri hartuta, askotariko proposamenak izango dira aukeran, adin ezberdineko herritarrei bideratuta.
Egitarauko ekimen nagusia urriaren 31n egingo dute; oraindik ez dituzte xehetasun guztiak eman, baina, aurreratu dutenez, "danbor hotsak, musika, inprobisazioak, dantzak, beldurren erretzea eta beste hainbat sorpresa" egongo dira egun horretan.
Nolanahi ere, giroa berotzen joateko, ekimenei asteburu honetan bertan emango zaie hasiera, egitarauarekin bat egin duten Debako Kontalariek saio berezia egingo baitute igandean (urriak 13), 17:30ean, Ispiluen gelan.
Urriaren 17an, 21ean eta 29an, aldiz, mozorroen burukoen eta apaingarrien tailerrak egingo dituzte, urriaren 31rako prestaketa lanak aurreratze aldera. Tailerrak egin ahal izateko, ahal den neurrian, birziklatutako materiala erabili nahi dute eta hori lortzeko herritarrei material bilketarako deia egin diete antolatzaileek. Luzaro ikastetxean izarak, trapuak eta kortina zaharrak biltzen hasiak dira dagoeneko; eta material bera (kristalezko pote gardenekin eta sokekin batera) Arbil Elkarte Sozialera ere eraman daiteke (10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara bitartean).
Urriaren 20an haurrentzako film emanaldia izango da Kultur Elkartean. Bestalde, Gaztelekuan Arimen Gaueko sukaldaritza saioa (urriaren 23an), Beldurraren Etxea (urriaren 30ean) eta beldurrezko film baten emanaldia (azaroaren 1ean) izango dira aukeran. Eta, besteak beste, urriaren 28an Death kafea egingo dute Kultur Elkarteko liburutegian, Manex Beristainen eskutik. Hemen ikus daiteke egitaraua: