Ginkana urri osoan izango da martxan eta bertan parte hartzeko funtzionamendua nahiko erraza da. Sei hutsune edo koadrante dituen kartilla bat eskuratu beharko du bezeroak. Kartilla hori kanpainara atxikitako 34 establezimenduetako batean (kanpainaren irudia edukiko dute erakusleihoetan) erosita edo kontsumituta lortu daiteke.
Erosketa bat egiten den aldiro, zigilu bat jarriko dio saltzaileak eta hala osatu beharko da kartilla. Baina, ohartarazi dutenez, zozketan parte hartzeko kartilla ezingo da "edonola" bete. Hau da, nahitaez sei establezimendu desberdinetan lortutako erosketa-zigiluak lortu beharko dira.
Erronka betetzea lortzen dutenek kanpainara atxikitako establezimenduren batean utz ditzakete kartillak, norbere datu pertsonalekin batera. Urriaren 29a da parte hartzeko azken eguna. Egitasmoaren arduradunek azaldu dutenez, nahi adina kartilla bete eta entregatu ditzake bakoitzak. "Zenbat eta kartilla gehiago osatu, sariak irabazteko aukera gehiago izango dituzte bezeroek".
Bost sari
Guztira, 800 euro banatuko dituzte saritan. Kanpainaren bultzatzaileek iragarri dutenez, urriaren 30ean egingo dute zozketa eta, 400 euroko sari nagusi batekin batera, 100 euroko beste lau sari irabazteko aukera ere egongo da. "Sari hauek erosketa bonu gisa emango dira".
Azpimarratu dutenez, helburu bikoitza du abian jarri duten kanpainak. "Debako merkataritza dinamizatzea eta tokiko kontsumoa sustatzea, debarrei erosketak egiteko modu erakargarria eskainiz eta, aldi berean, bezeroen eta tokiko saltzaileen arteko harremanak indartzea".