Debako Zaintza Ekosistema proiektua zehazteko eta definitzeko beste bi saio iragarri dituzte

Berriketan 2024ko urr. 2a, 11:01

Debako Udalak adierazi duenez, Zaintza Ekosistema garatzeko prozesuan jarraitzen du. Hori horrela, talde eragilearekin beste bi lan saio egingo dituztela iragarri dute. Horietan, lanketaren lehen fasea itxi eta Zaintza Ekosistema gauzatzeko beharrezko azpiegiturak definitzea da asmoa.

Gaur (urriak 2) izango da bi saio horietako lehenengoa eta azaldu dutenez, bertan, proiektuaren lehen fasean egindako lan guztia berrikusiko dute talde eragileko kideek. Orain arte hausnarketa eta azterketa saio ugari egin ditu talde eragileak eta horien berri ere eman zuten joan den ekainaren 30ean egindako aurkezpen irekian. Aurkezpen horretan, herritarrek beren ideiak eta iradokizunak aurkeztu ahal izan zituzten eta gaurko saioan, hain zuzen, proposamen horiek guztiak partekatu, aztertu eta eztabaidatuko direla esan dute. Hori guztia egin ondoren, lehen fasea itxi ahal izango dute.

Azaroaren 6an izango da hurrengo saioa eta iragarri dutenez, Zaintza Ekosistemari lotutako azpiegiturak irudikatzea eta definitzea izango da egun horretako helburu nagusia. "Hala, lan saio honen bitartez adinekoak eta zaintzaileak erdigunean jarriko dituen sistema berritzailea gauzatzeko beharrezkoak diren zerbitzuen eta euskarrien ezaugarriak zehaztuko dira".

Orain arte egindako ibilbidearen errepasoa

Zaintza Ekosistema proiektua abiatu zenetik udalerriko hainbat eragilek hartu dute parte proiektuan, jakintza-alor anitzeko talde eragile bat osatuz. Ordezkari politikoek, gizarte-zerbitzuetako langileek, osasuneko profesionalek eta komunitateko kideek osatzen dute taldea eta prozesu horretan guztian zaintza arloan aditua den Matia Institutuaren laguntza izan dute. Duela hamar hilabete jarri zen martxan egitasmoa eta orain arte sei lan saio egin dituzte; tarte horretan, Zaintza Ekosistema garatzeko ardatz estrategikoak eztabaidatu eta definitzen aritu dira.

Proiektuak, gainera, herritarren inplikazio zuzena ere izan du. "Udalak zabaldutako inkesta baten bitartez, herriko zaintza-eredua aldatzeko beharrari buruzko adostasun zabala erakutsi dute debarrek. Jasotako kezka nagusien artean, bakardadea, baliabide ekonomiko eza eta zaintzaileentzako arreta eta laguntza hobetzeko beharra dagoela nabarmendu dute". 

Zer da Zaintza Ekosistema bat?

Zaintzaren ekosistema eredu komunitario eta kolaboratiboa da, eta helburu du adinekoei laguntzeko eta zaintzeko zerbitzuak modu integralean indartzea. Hala, adinekoen beharrei duintasunez erantzungo zaiela bermatu nahi du Zaintza Ekosistemak, haien bizi-kalitatea hobetuz eta udalerriko gizarte-ehuna indartuz. Ikuspegi berritzaile horrek adinekoak eta haiek zaintzen dituztenak erabakien erdigunean jartzen ditu, erakundeen, gizarte-zerbitzuen eta gizartearen arteko erantzunkidetasuna bultzatuz.