Debako Zaintza Ekosistema sortzeko urratsak ematen jarraitzen du udalak

Berriketan 2024ko uzt. 2a, 11:29

Herritar ugari hurbildu ziren igandean Foruen Plazan egin zen aurkezpen ekitaldira eta, hiru taldetan banatuta, Debako zaintzaren egoerari buruz hausnartu zuten.

Debako Zaintza Ekosistema sortzeko lanean jarraitzen du Debako Udalak. Gogorarazi bezala, duela hilabete batzuk abiatu zuten prozesua; herriko eragile ezberdinez osaturiko diziplina anitzeko talde eragile bat sortu zuten, eta horrek egoeraren analisia egin du azken hilabeteotan. Bada, analisi kuantitatibo horren eta proiektuaren beraren berri emateko ekitaldia egin zen, hain justu, igandean (ekainak 30).

Udal iturriek azaldu bezala, herritar ugari batu ziren ekitaldira eta, hiru taldetan banatuta, zaintza egoerari buruzko hausnarketa egin zuten. "Gune bakoitzean alor ezberdin bat aztertu zen: prebentzioa, zaintza arinak eta zaintza behar handiak. Hausnarketak egin ostean, gune bakoitzean kokatutako kutxetan herritarrek beren ekarpen eta proposamenak egin zituzten", gaineratu dute.

Debako Udalak abian jarritako prozesuak "adinekoak eta pertsona zaintzaileak erdigunean jarriz, adineko pertsonen beharrei modu integralean erantzutea" du xede. "Ekimen honen bidez, beraz, Debako Udalak adineko herritarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu, baina baita gizarte eta komunitate-sarea indartzea ere, adinekoen zaintza gizarte osoaren mesederako den erantzukizun partekatua dela erakutsiz", nabarmendu dute.

Igandeko aurkezpenean Alazne Txurruka alkateak eta Foru Aldundiko Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak parte hartu zuten, besteren artean. Biek ala biek berretsi zuten jendaurrean Debako Zaintza Ekosistema lantzen jarraitzeko konpromisoa.

Era berean, alkateak eskerrak eman zizkien ekitaldira bertaratutakoei. “Zaintzen inguruko kezka nabarmena da Deban eta plazan elkartu garen pertsona kopurua ikustea nahikoa da horretaz jabetzeko. Beharrezkoa da zaintzen inguruan hausnartzea eta zaintzen eredua aldatzea. Helburu horrekin abiatu dugu prozesua, Deban zaintzaren egoera gertutik ezagutzeko, herritarren iritziak eta proposamenak jasotzeko, aurre analisi horretatik abiatuta, adinekoek eta pertsona zaintzaileek eskura dituzten zerbitzuak eta euskarriak indartzeko, eta bide hori elkarlanean egingo dugu herritarrekin eta gainerako erakundeekin”, azpimarratu zuen.