Aldats pilotalekua bete du Euskal Jaiko herri bazkariak

Berriketan 2024ko ira. 30a, 09:59

500 lagunetik gora batu dira Zuhatza Euskara Elkartearen ekimenez antolatutako bazkari herrikoian.

Baserritar jantziak soinean, hitzordu berezia izan zuten debarrek larunbatean (irailak 28); tradizioa oinarri, Euskal Jaia ospatu zuten. Askotariko jarduerez gozatzeko aukera izan zuten herritarrek eta goiz partean tarteka euria egin bazuen ere, ezerk ez zuen ospakizuna eten.

Kalez Kale txistulari taldearen eta Zubietako joaldunen kalejirekin eman zioten hasiera egunari. Ondoren, euskal dantzez gozatzeko aukera izan zen; Musika Eskolako eta Gure Kai euskal dantza taldeko dantzariak arduratu ziren zeregin horretaz. Bazkal aurreko orduak, berriz, trikitilariek girotu zituzten trikitia eta panderoa eskuetan hartuta.

Giro eder eta euskaldunean

Aldats pilotalekua inprobisatutako jatetxe bihurtu zen beste urte batez eta, ohikoa den bezala, adin guztietako herritarrak izan ziren bertan, lagun arteko giro eder eta euskaldunean bapo bazkaltzen. Zuhatza Euskara Elkarteak emandako datuen arabera, 500 lagunetik gora batu ziren herri bazkarian eta, espero bezala, giro ezin hobea izan zen.

Jan-edanaz gozatu ondoren, irrintzi txapelketari ekin zioten. Aurten bigarrenez egin dute txapelketa eta guztira hamahiru lagunek parte hartu zuten. Batzuk banaka bota zituzten irrintziak, baina, tartean, binaka edo taldean bota zuenik edo izan zen. Irrintziaren doinua, iraupena, amaiera eta indarra kontuan hartuta, berdinketa egon zen Itziar Salegiren, Amaia Arozenaren eta Nerea Urbizuren artean. Arozenaren eta Urbizuren artean bigarren berdinketa bat ere egon zen, baina horietan onena Amaia Arozenaren irrintzia zela erabaki zuen epaimahaiak.

Ondorengo orduetan, kantuan eta dantzan ibili ziren pilotalekuan batutakoak. Asko eta asko izan ziren Lajaren eta Andonegiren doinuei jarraiki dantza egitera animatu zirenak. Jai giroa, ohi modura, goizeko ordu txikiak arte luzatu zen. Haurrek festarako gogotsu jarraitzen zuten, eta korrika ibili ziren buruhandien aurrean ihesi. Que toque el de alao txarangak ere, iluntzean poteoan zebiltzanak gerriak astintzera animatu zituen eta Sukar erromeria taldeak, berriz, Foruen Plazan batu ziren guztiak dantzan ipini zituen.