Dena prest iraileko azken asteburuan Deban ospatuko den Euskal Jairako

Berriketan 2024ko irailaren 25a

Irailaren 28an (larunbata) ospatuko dute herritarrek aurtengo Euskal Jaia, baina bezperan hasiko dira egitarauren baitan antolatutako ekintzak.

Zehazki, bi hitzordu izango dira aukeran ostiralean (irailak 27). Zuhatza-Kolore Anitzek antolatu duen Euskal Makarroi Lehiaketak emango dio hasiera egitarauari; 17:30ean hasiko da, Plaza Zaharrean eta, bertan, aurrez izena eman duten LH1-LH6 bitartekoek parte hartu ahal izango dute. Bestetik, iluntzean, Kalean Kantuzekoen txanda izango da; 19:30ean irtengo dira kantuan.

Irailaren 28an, goizetik gauera arteko programazioa izango da. Eguneko lehen ekimena marmitako lehiaketa izango da, beste behin ere; Plaza Zaharrean jarriko dituzte partaideentzako mahaiak, 10:00etatik aurrera.

11:00etan, aldiz, Kalez Kale taldeko txistulariak irtengo dira kalera eta, 11:30ean, Zubietako joaldunek egingo dute kalejira. Dantzarako tartea ere egongo da; 12:00etatik aurrera, Gure Kai eta Musika Eskolako dantzari taldeko kideek girotuko dituzte herriko txokoak eta, 13:30ean, trikitilariek euskal musikaz eta bestelako doinuez beteko dituzte kaleak. 

500 lagunetik gora

Aurreko urteotako dinamikari eutsita, Zuhatza elkartea arduratuko da Aldats pilotalekuan egingo den bazkari herrikoia antolatzeaz; 15:00etan izango da hitzordua eta bazkalostean musika eta jai giroa izango dira nagusi bertan, trikitilarien parte-hartzearekin. Besteak beste, gainera, Irrintzi Txapelketa ere egingo dute pilotalekuan, bigarrenez; arrakasta handia izan zuen iaz. 

18:00etatik aurrera, buruhandiak ibiliko dira kalez kale eta ondorengo orduetan musika izango da protagonista. Lehenik, Que toque el de alao txaranga kalejiran irtengo da 19:00etan; gauean, berriz, Sukar taldearen erromeria izango da Foruen Plazan, 23:30ean.