Larunbatean (irailak 28) izango da Euskal Jaia, baina bezperan (irailak 27) ere zer ospatua egongo da Deban. Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldeak, esate baterako, Euskal makarroi lehiaketa antolatu du; 17:30ean izango da hitzordua, Plaza Zaharrean (eguraldi txarra eginez gero, jarduera estalitako pasealekuan egingo dute). Aisialdi taldeko begiraleek azaldu dutenez, bigarrenez antolatu dute ekintza. "2022ko Euskal Jaiaren baitan ere antolatu genuen lehiaketa eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki dugu".
LH1etik 6ra bitarteko ikasleei zuzenduta dago jarduera eta azpimarratu dutenez, gutxienez hiru eta gehienez bost laguneko taldeak osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Hori bai, LH 1 eta 2ko ikasleak heldu batekin joatea eskatu dute. Parte hartzaileek eraman beharreko materiala ere zein den zehaztu dute: “Lapikoa, sua, amantala eta koilara nork bere etxetik ekarri beharko ditu eta gainontzeko osagaiak guk banatuko ditugu".
Astelehenean (irailak 23) zabaldu zuten lehiaketan izena emateko epea eta osteguna (irailak 26) da horretarako da azken eguna. Interesa duten haur eta gaztetxoek honako izen-emate orria bete beharko dute. Gogorarazi dutenez, ekintza doakoa da.