Udal iturriek azaldu bezala, guztira 13 proposamen izan dira lehian aurtengo sariketan; horietatik 6 aukeratu zituen epaimahaiak jendaurrean erakusteko, eta herritarrek gustuko kartela boto bidez hautatzeko aukera izan zuten gero.
Kartelak uztailaren 5ean eta 6an izan ziren ikusgai udaletxeko batzar aretoan. Bertan, 173 lagunek eman zuten botoa, eta Pablo Turrillasen lanak jaso zituen boto gehien. Horrenbestez, berea izango da abuztuaren 14tik 18ra ospatuko diren San Roke jaietako irudia.
Irudi bakar batean, sortzaileak su artifizialak islatu ditu, eta festetako protagonista ezagunak ere ageri dira kartelean. Udal iturriek nabarmendu bezala, "bere proposamenarekin, herriko jaien elementu klasiko eta, aldi berean, ezagun eta maitatu bat islatu nahi izan du egileak: su artifizialak. Horrela, karteleko irudiak jaietako protagonista desberdinak jasotzen ditu, hain zuzen, su artifizialen ikuskizunaren bueltan: erraldoiak, buruhandiak, dantzariak, danborradako partaideak, marinelak...".
Iaz ere Turrillasen kartelak irabazi zuen lehiaketa, San Roke dantzan izenburuko lanarekin.