Kartelak aurkezteko epea amaitu ostean, udalerriak badauka aurtengo San Roke jaien programako azalean agertuko den diseinu irabazlea: Pablo Turrillas Aranzeta debarraren proposamena izan da garailea. Udal iturriek emandako datuen arabera, herritarren 48 boto lortu ditu San Roke dantzan kartelak.
Jakitera eman dutenez, zortzi lan aurkeztu dira aurten lehiaketara, eta horietatik lau aukeratu zituen epaimahaiak jendaurrean erakusteko. Herritarrek, ondoren, lau finalista horien artetik boto bidez hautatu ahal izan dute irabazlea. Zehaztu dutenez, 114 pertsona igaro dira udaletxeko bilkura aretotik beraien botoa emateko.
Boto guztiak zenbatu ondoren honela geratu da sailkapena:
- San Roke dantzan: 48 boto.
- Bizipoza: 36 boto.
- Gaur eta egun dantzari: 22 boto.
- Mugarik gabeko dibertsioa, berdintasun eta errespetuan: 8 boto.