Debako EH Bildu taldeak sareetan eta komunikabideetan udal gobernuaren hondartzen uda-denboraldiaren kudeaketa txarra dela eta egindako adierazpenen aurrean, honakoa adierazi nahi dugu.
Udal arduradun politikoen kudeaketa kaskarra behin eta berriz aipatzen du EH Bildu taldeak, eta horretarako erabiltzen dituen argudioak ez dira inondik ere egiaren eta gertatutakoaren isla.
Udal gobernuak uda-denboraldia behar bezala abiarazteko, bi zerbitzu desberdin jarri behar izan ditu martxan. Toldoen zerbitzua batetik, eta sorosleena bestetik. Biek kudeaketa lan sakona eskatu dute eta horietan indarra urritik aurrera jarri dela jakin izan du unez une EH Bildu taldeak.
Kontrakoa askotan adierazten duen arren, gardentasuna nabarmena izan da kontu hauetan. Aipatu bezala urrian hasi zen udal gobernu taldea hondartzako toldoei irtenbidea eman nahirik negoziaketa prozesuan, eta aurten udala izango da zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartuko duena toldoak erosi eta behar bezalako zerbitzua bermatzeko aurrera eraman beharreko kontratazioak eginda.
Sorosleei dagokienez, berriz, Foru Aldundiak sorosleen kudeaketa bere gain hartuko ote zuen zain egon gara azken unera arte, eta hau horrela izango ez zela ikusita, maiatzean atera zen hondartzen sorospen zerbitzuaren esleipena jendaurrera, udako denboraldia hasteko nahikoa denborarekin, eta aurreko urteetan gertatu bezala, aurten ere ez zen zerbitzu hau emateko inor aurkeztu. Udalak edozein preziotan zerbitzua atera ordez (aurreko urtean egin bezala), beste aukera batzuk aztertzeari ekin zion eta egon zitezkeen irtenbideak baloratu eta berme guztiak eskainita merkeagoa izan zitekeen aukeraren alde egin du. Honek aurreko urtean sorosle lanetan aritu zirenekin negoziatu eta haien bitartez zerbitzua ematera eraman gaitu eta gauzak behar bezala egiteko beharrezko prozedura administratiboek astebeteko atzerapena suposatu dute hondartzen denboraldiaren hasieran. Aurten iaz baino 36.000€ merkeagoa izango da sorospen zerbitzua, udal gobernuaren negoziatzeko gaitasunaren adierazle.
Gipuzkoako kostaldeko herrietako alkateek egindako adierazpenaren aurrean Debako Udalak bere jarrera adierazi ez izana ere deitoratu du EH Bildu taldeak. Kostaldeko herrietako alkateek baino, EH Bilduk alkatetza duen herrietako alkateek egindako adierazpenak dira aipatutakoak.
Honen aurrean ere argi utzi nahi dugu Debako Udalak behin baino gehiagotan adierazi duela sorospen zerbitzuak herriari sortzen dion diru xahuketari irtenbidea eman beharraren aldeko iritzia, eta ongi baino hobeto daki Debako EH Bilduko taldeko bozeramaleak alkatea adierazpen hori egin duten herrietako alkateekin harremanetan jarri dela alderdikeriak alde batera utzi eta elkarrekin adierazpen bateratuak egitearen aldeko jarrera adierazteko.
Udal gobernuak erabateko gardentasun eta seriotasunez dihardu lanean urte honetan guztian zehar. Informazioa behar den unean eta behar beste ematen zaio oposizioko taldeari, eta udal gobernua osatzen dugun kideetako bakoitzak erabateko seriotasun eta konpromezuarekin erantzuten dio udal honetan duen ardurari. Ez dugu, beraz, inolaz ere onartuko gure betebeharrak betetzen ez ditugula inork esatea, eta are gutxiago gure eginkizunak alde batera utzi eta beste zeregin batzuetan aritzen garela, dagokigun erantzukizuna beste batzuen bizkarrean utzita.
Udal gobernuak berretsi nahi du Debarekin eta debarrekin orain urte bete hartutako konpromezua eta herriari emandako hitza.