Debako Zaintza Ekosistemari buruzko aurkezpen ekitaldia egingo dute igandean

Berriketan 2024ko eka. 28a, 11:39

Herriko Zaintza Ekosistema garatzeko bidean emandako aurrerapausoak aurkezteko ekitaldi bat egingo du udalak, igandean (ekainak 30). Herritar guztiei zuzendutako aurkezpena 12:00etan izango da, Foruen Plazan (eguraldi txarra eginez gero, paseo estalian).

Zaintza Ekosistemaren azterketa kualitatiboa egin ostean, lanketa horren ondorio nagusiak aurkezteko ekitaldi bat antolatu du udalak. Azpimarratu dutenez, azterketa hori osatzeko eta Zaintza Ekosistema sortzeko prozesuan aurrera egiten jarraitzeko, herriko pertsona ororen iritziak eta beharrak ezagutu nahi dituzte eta, hain zuzen ere, horretarako prestatu dute igandeko hitzordua.

12:00etan hasita, Foruen Plazan (eguraldi txarra eginez gero, paseo estalian) egingo dute aurkezpena eta, zehaztu dutenez, herritarrekin batera zainketen arloko hausnarketa saio ireki eta bateratu bat egitea da asmoa. Hona egitaraua:

  • 12:00-12:15. Kalean Kantuz-en emanaldia eta ekitaldiaren aurkezpena.
  • 12:15-13:00. Debako zaintza egoeraren hausnarketa herritarra. Zein da zaintzaren egoera Deban? Zein lehentasun izan beharko genituzke?
  • 13:00-13:30. Kalean Kantuz-en emanaldia eta itxiera ekitaldia, Maite Peña Zainketarako eta Gizarte politiketako Diputatuarekin, Alazne Txurruka Debako alkatearekin eta Iker Aldazabal 2030 Agendako, Berrikuntzako eta ebaluazioko zuzendari nagusiarekin.

Udal gobernuko kideek ekitaldian parte hartzeko deia eta gonbita luzatu diete herritarrei. Alazne Txurruka alkatearen iritziz, guztien beharrei erantzungo dien Zaintza Ekosistema bat eraikitzeko "ezinbestekoa" da debarren iritziak eta beharrak ezagutzea.

Galdetegia

Prozesuari dagokionez, herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dutela ere jakinarazi dute udal iturriek. HONAKO ESTEKAN eskuragarri dagoen galdetegia beteta eman dezakete herritarrek beren iritzia.

Udalerriko adineko pertsonen beharrei "modu integralean" erantzuteko helburuarekin, duela hilabete batzuk abiatu zuen udalak adinekoak eta pertsona zaintzaileak erdigunean jarriko dituen Zaintza Ekosistema berritzailea sortzeko prozesua. Udal iturriek azpimarratu dutenez, abiatutako lanketa eta Zaintza Ekosistemaren eraketa "lehentasunezkoa eta estrategikoa" da udal gobernuarentzat.

Emandako pausoak

Zaintza Ekosistema hori sortzeko eta garatzeko, baina, hainbat urrats eman behar dira. Bukatu berri duten lehen fasean, esaterako, egoeraren analisia egiten aritu dira. Matia Fundazioaren gidaritzapean, diziplina anitzeko hainbat eragilez osatutako taldea osatu zuten eta, azaldu dutenez, Debako zaintzen egoeraren hausnarketa eta analisi kualitatiboa egiten aritu dira azken hilabeteotan.

Orain, lehen fase hori bukatuta, hurrengo urratsa Zaintza Ekosistemaren prozesua bera gizarteratzea eta orain arte egindako lanketa herritarrekin partekatzea izango dela iragarri dute. Horretarako, herritarren iritziak eta beharrak ezagutzea ezinbestekoa izango dela nabarmendu dute eta igandeko aurkezpen ekitaldia, hain zuzen, prozesu hori azaltzeko aprobetxatuko dute.