Bizi-itxaropena gero eta handiagoa den garaiotan, instituzioetara ere iritsi da zaintzari buruzko kezka. Hala, Euskal Herriko beste zenbait herritan bezala, Deban ere adinekoei zuzendutako Zaintza Ekosistema proiektu berritzailea garatzeari ekin dio udalak. "Deba Euskadiko herri zaharkituenetako bat izanda, proiektu honen helburua da adinekoen beharrei modu integralean heltzea eta erantzutea, premiazko lehentasuna izatea. Zaintza Ekosistemaren sorrerarekin, Deba zaintzen abangoardian izango da", azaldu dute udal iturriek.
Zaintza-zerbitzuen beharrak ekarritako erronkei erantzuna emango dien proiektua ezartzeko bidean, hasiak dira lehen urratsak ematen. Horretarako, herriko hainbat sektoretako ordezkariz osatutako talde eragilea sortzea sustatu du udalak. "Prozesuaren eraginkortasuna bermatzeko" helburuarekin, gainera, Matia Institutuak gidatuko du talde eragilea.
Zortzi lan saiotan
Prozesua lan saioetan oinarrituko da, eta bertan, talde eragilea ez ezik, proiektuaren estrategia orokorraz arduratuko den koordinazio talde bat ere izango da. "Taldea hamazazpi lagun inguruk osatuko dute, eta guztira zortzi saio egingo dira, hamar bat hilabetean".
Talde eragile horrek zaintzei buruz hausnartzea izango du xede eta, prozesuak iraun bitartean, beste talde tematiko batzuk sortzeko aukera ere izango dela azaldu dute. Bilerak antolatuko dira bigarren talde batekin, talde koordinatzailearekin, eta haren ardura izango da "proiektuaren estrategia orokorra definitzea eta gainbegiratzea".