Basurde uxaldi batetatik ateratako tiro bat jasota Deban hil zen herritarraren kasuari lotuta, Eibarko epaitegia bi pertsona ikertzen ari dela jakitera eman dute. 75 urteko emakumea iragan abenduaren 17an hil zen, bere etxebizitzan zegoela suzko arma batekin, kanpotik, egindako tiroa jasota.
Erkorekak Radio Euskadin egindako adierazpenetan azaldutakoaren arabera, tiroaren egilea identifikatuta dago eta pertsona horrekin batera beste pertsona bat ere ari dira ikertzen, ustezko "zuhurtziagabekeriazko hilketa" bategatik. Ikerketak baztertu egin du basurde bat hil ondoren bala errebotatuta atera izana eta, zentzu horretan, jarduneko segurtasun sailburuak azpimarratu du ikerketa "ia itxita" dagoela. Itxura guztien arabera "ustekabeko" istripua izan zela adierazi du; hau da, tiro egin zuen ehiztariak ez zuela biktima hiltzeko asmorik izan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek baieztatu dutenez, ehiztaria baimendutako eremutik kanpo zegoen. Nolanahi ere, Erkorekak esan du kasua daraman epaileak argitu beharko duela erantzukizun penalik dagoen ala ez.