Biktimaren senideek lurrean topatu zuten emakumea, ustez, su-arma batek buruan eragindako zauri batekin; 15:00ak baino lehen deitu zieten larrialdi zerbitzuei, eta horiek Donostia Ospitalera eraman zuten. Ordu batzuk beranduago jakin zen, 18:45 aldera, zauritua bertan hil egin zela.
Senideen deiari erantzunez, biktimaren etxera bertaratu ziren larrialdi zerbitzuetako kideak (anbulantzia bat eta Udaltzaingoaren zein Ertzaintzaren patruila-autoak). Egindako lehen ikerketen arabera, Ertzaintzak zulo bat topatu zuen etxebizitzako leiho batean, antza denez, kanpotik egindako tiro batek eragindakoa.
Heriotza argitzeko ikerketa abiatu zuten, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azkar baieztatu zuen inguruan ehiztariak zebiltzala uxaldi bat egiten. Hainbat komunikabidek emandako datuen arabera, litekeena da tiroaren jatorria izatea 25 ehiztarik egin zuten basurde uxaldi bat; etxebizitzaren inguruko Osio eta Iztiña tarteko basoan zebiltzan ehizan.