Aurreko ostiralean emakume bat hilda aurkitu zuten Donibane Lohizuneko hotel batean, eta haren bikotekidea atxilotu ondoren, ikerketa abiatu dute "aldez aurretik prestatutako hilketa" izan den argitzeko. Gertaera hori salatzeko, herriko mugimendu feministak deituta elkarretaratzea egin zuten atzo (maiatzak 8) iluntzean Deban. Deialdiari erantzunez, zenbait herritar batu ziren Foruen Plazan Erasorik ez, erantzunik gabe! lelopean egin zen mobilizaziora.
Txalo artean amaitu zen protesta eta DIT feministako kideek elkarretaratzearen bukaeran egindako adierazpenetan "haserrea" agertzearekin batera, "irmoki" gaitzetsi zuten azken erailketa matxista. Gertatutakoaren aurrean "ez dela nahikoa neurririk hartu" salatu zuten eta, horregatik guztiagatik, gaia lehen mailako gai politikotzat hartzea eta "benetako neurriak" behingoz hartzea exijitu zuten. Amaitzeko, DIT feministatik "babes eta elkartasun osoa" helarazi nahi izan diete hildako emakumearen familiari eta ingurukoei.