Joan den ostiralean (maiatzak 3) hilketa matxista bat gertatu zen Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta, hori salatzeko, mugimendu feministak mobilizazioa antolatu du. Deban, gaur (maiatzak 8) elkarretaratuko dira, 19:00etan, Foruen Plazan.
Donibane Lohizuneko hotel batean gertatutakoa argitzeko ikerketak zabalik jarraitzen du, baina, Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak "feminizidioa" izan dela aipatu du, hilketa matxistaren hipotesia indartuz. Prokuradoreak azaldu zuenez, 33 urteko emakumearen hilketa “krimen bortitza” izan zen eta, bere hitzetan, aurrez prestatutakoa izan daiteke.
Hildako emakumea apirilaren erdialdean Ziburuko hotel bateko balkoitik erori zen emakume bera dela argitu ditu; bosgarren solairutik erori ondoren, zauri larriak izan zituen, eta maiatzaren 1era arte Baionako ospitalean izan zen, desagertu zen arte. Hildakoaren bikotekidea, ustezko hiltzailea, atxilotuta dago, hilketa leporatuta; gorpua aurkitu bezain laster atxilotu zuen Poliziak. 37 urteko gizona lehen gertaera izan zenean ere atxilotu zuten, baina aske utzi zuten, bi egunetara, zaintzapean.
2003tik Euskal Herrian hil duten 119. emakumea da, eta aurtengo lehenengoa.