Apirilaren 11n, adibidez, jarduera fisikoa sustatzea helburu duen irteera egin zuten eta, eguraldi ona lagun, 31 lagunek parte hartu zuten Saturraran eta Berriatua batzen dituen 8,5 kilometroko ibilaldian.
Apirilaren 17an, berriz, minbiziari buruzko mahai-ingurua egin zuten, Eibarko AECC elkarteko Garazi Rodriguezek, Laura Mongelosek eta Ainhoa Oregik gidatuta. Debako osasun etxeko Alfredo Tapia mediku ohia ere bertan zela, partaideek gai askori buruz hitz egiteko aukera izan zuten: besteak beste, minbizia prebenitzeko gakoez aritu ziren eta, familiako norbaiti minbizia diagnostikatuz gero, egoera hori nola kudeatu ere aztertu zuten.
Nagusilan zer den eta elkarte horretan nola lan egiten duten azaltzeko hitzaldia ere egin zuten apirilaren 23an. Eta, bestalde, Kantabria aldean ere ibili ziren; apirilaren 25ean Cartes, Riocorvo eta Torrelavegara egindako irteerak "harrera arrakastatsua" izan zuela aipatu dute.
Galiziara bidaia
Maiatzerako aurreikusi dituzten ekintzen artean, hilaren 12tik 17ra Galiziako Ribeira Sacrara egingo duten bidaia nabarmendu dute antolatzaileek. Flysh beltza, Debako kostaldearen sekretuak bisita gidatua (hilaren 9an), Filosofia, gure burua hobeto ezagutzeko eta elkarkidetza errazteko modua al da? hitzaldia (hilaren 23an) eta Azpeitiatik Iraetara arteko ibilaldia ere (hilaren 30ean) izango dira aukeran.