Eibarko AECC elkartearekin lankidetzan, Arbil elkarteak minbiziari buruz jarduteko solasaldia antolatu du biharko. 10:30ean hasi eta eguerdian amaituko da saioa, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete, "oso interesgarria" izango dela nabarmenduta.
"Minbizia, zoritxarrez, gugandik gertu dagoen gaixotasuna da, bertatik bertara edo maite ditugun haiengan bizi duguna. Haren aurkako tratamenduan egindako aurrerapenak eta hobekuntzak garrantzitsuak izaten ari dira, eta Arbilen interesgarria iruditu zaigu gaixotasun horri buruz modu naturalean eta hurbilean hitz egitea; zertan datzan gogoratzea, prebentzioaz hitz egitea, eta behar sozialak, eragin psikologikoak eta gaixotasun mota honek dakartzan beste hainbeste alderdi lantzea", azaldu dute elkarteko kideek.
10:30ean bertaratutakoei harrera egin ostean, Garazi Rodriguez, Laura Mongelos eta Ainhoa Oregi hizlariak aurkeztuko dituzte. Hitz egin dezagun minbiziaz hitzaldia emango dute ondoren, eta 11:00ak aldera gaixotasunak eragindako egoera ezberdinak eta irtenbide posibleak aztertuko dituzte, horretarako propio sortuko diren lan-mahaietan. 11:15ean kaferako tartea hartuko dute eta, ordu-laurden beranduago, ekarpenak entzuteko eta ondorioak ateratzeko aukera egongo da.