Goaz Antzerki Taldeak bira hasiko du 'Lotura basatiak' lanarekin

Berriketan 2024ko mar. 22a, 10:27

Deban eta Itziarren taularatu ondoren, Mendarora, Bermeora eta Mutrikura ere iritsiko da Goaz Antzerki Taldearen azken lana.

Iaz Fokupean festibalaren baitan estreinatutako Loturak basatiak performancea Deba eta Itziarko mugez harago eramango dute Goaz Antzerki Taldeko kideek. Proposamena herri gehiagotan taularatzea zen taldekideen asmoa eta, oraingoz, "bide onetik" doazela azaldu dute. Igandean (martxoak 24), esaterako, Mendaron taularatuko dute; San Agustin aretoan izango da hitzordua, 18:00etan.

Agertu dutenez, urtarrilaren bukaeran Deban eskaini zuten emanaldietako batean sortu zitzaien antzezlana Itziarren eta Mendaron eskaintzeko aukera. "Itziarko auzo alkatea eta Mendaroko kultura zinegotzia Deban eskaini genuen azken emanaldian izan ziren. Gure lana oso gustuko izan zutela esan ziguten, eta bai edo bai beraien herrietara eraman nahi gintuztela. Debako emanaldiek, egia esan, oso harrena ona izan zuten. Feedback oso positiboa jaso genuen ikustera etorri zirenen aldetik eta, aurrerapauso hori emateko orduan, asko motibatu gintuen horrek. Emaitzarekin ere oso pozik geunden eta lanaren ibilbidea horretan geratzeak pena ematen zigunez, aurrera jarraitzea erabaki genuen".

Beste hainbat herritara iristeko asmoa

Proposamena Itziarren eta Mendaron taularatzeko eskaintzak jaso ondoren, bi emanaldi horietarako datak ezartzeko antolatzen hasi ziren. "Zazpi gara taldean eta, egia esan, oso zaila izaten da guztiok libre ditugun asteburuak bat etortzea". Hala, Itziarko eta Mendaroko bi emanaldi horiek lotu zituzten lehendabizi eta, performanceari buruzko txosten bat prestatu ondoren, obra beste herri batzuetan taularatzeko proposamenaren zabalkundea egiten hasi ziren.

Dagoeneko beste bi herritan ere lotuta daukate emanaldia: maiatzaren 11n, Bermeoko Kafe Antzokian izango dira eta maiatzaren 12an, aldiz, Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean. "Amateur antzerkian gabiltzanok oso espazio gutxitara iristeko aukera izaten dugu baina, zorionez, beste hainbat emanaldi eskaintzeko aukera sortu zaigu; oso pozik gaude. Oraingoz, emanaldi hauek lotu ditugu, baina gehiago lotzeko esperantza dugu. Ea obra honek Euskal Herritik zehar bira polit bat egiteko aukera ematen digun. Gaurdaino eskainitako emanaldietan ikus-entzuleen inplikazioa nabaritu dugu, eta ea hurrengo emanaldietan ere hori lortzeko gai garen".