Gaurkoan (martxoak 20) azkar igaro da Korrika Txikia Debako kaleetatik zehar. Tipi-tapa, tipi-tapa... ibili ondoren, ekitaldi berezia egin dute. Itziarko eta Debako Luzaroko ikasleek mikrofonoa hartu eta hainbat hitz, bertso, kantu... eskaini dituzte Foruen Plazan batutako ikasle, irakasle eta herritarren aurrean; mailaz maila aritu dira zeregin horretan.
Ondoren, ikasleek eskuz esku eraman duten lekukoaren barruan idatzita zegoen mezua irakurri dute. Ainhoa Alberdi irakaslea arduratu da mezua irakurtzeaz. "Debako zirrikitu guztiak euskaraz bete nahi ditugu, baina ez gaur bakarrik, baizik eta egunero. Euskaldunak gara euskara erabiltzen dugun neurrian. Eta toki guztietan esan dezatela Deba herri euskalduna dela eta, guk, debar euskaldunak garela harro, ozen eta garbi esango dugu". Ekitaldia biribiltzeko, aurtengo kantuaren koreografia dantzatu dute.