Minutu gutxi batzuren atzerapenarekin iritsi bada ere, Korrikak aurreikusi bezala zeharkatu du gaur Deba. Harrera beroa egin zaio Mendarotik iritsi den lasterketari, erdiguneko kaleetan batik bat, eta herritar ugari ibili dira korrika.
Euskararen aldeko ekimenak zazpi kilometroko ibilbidea egin du udalerrian; zazpi kilometro, 40 minutuan. Eta Debako eta Itziarko 31 eragilek ibili dute euskararen aldeko lekukoa eskuz esku. Ondoren, Mutrikurako bidea hartu dute lasterkariek.
Korrikak gurean lagatako irudiak (argazkiak eta bideoak) aurki jarriko ditugu ikusgai Berriketan.eus-en. Gaurko Korrika ofizialaren bideoa (eta argazkiak) eta Deban arratsaldean egin berri duten Korrika Txikiaren ikus-entzunezkoa igoko ditugu atarira. Atzo Itziarren egindako Korrika Txikiaren bideoa bertan dago jadanik.