Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, larrialdiko lanak aktibatu dituzte Deba eta Mutriku batzen dituen GI-638, Zarautz eta Getaria batzen dituen N-634 eta Hondarribiko GI-3361 errepideak konpontzeko. Diputatuen Kontseiluak asteartean (martxoak 12) egindako bilkuran eman zien onarpena azken denboraleek eragindako kalteei aurre egiteko premiazko jarduketei; kalteei "berehala erantzuteko", guztira, 2.045.000 euroko zenbatekoa bideratzea onartu zuten.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, dagoeneko hasita daude konponketa lanekin. Deba eta Mutriku arteko errepidean kaltetutako eremuan, esaterako, garabi handi bat jarri dute 10 metroko zabalera eta hainbat metroko sakonera duen zuloa konpontzeko. Aurreikuspenen arabera, itsasoak errepidearen azpialdean kaltetutako euste-horma egonkortuko dute lehendabizi eta, ondoren, oinezkoentzat zein txirrindularientzat itxita dagoen bidegorria egokituko dute. Iragarri dutenez, lanak zenbait astez luzatuko dira.
Foru bozeramaileak gaineratu duenez, "kostaldeko horma mantentzeko eta indartzeko jarduketa areagotzeko premia" antzeman dute azken urteetan. Hala, udaberri-uda partean, eta eguraldia egonkorragoa denean, kostaldea zehatz-mehatz ikuskatzeko asmoa dutela azaldu du. Hain zuzen ere, teknologia berriak erabiliko dituzte horretarako. Litekeena da droneak bezalako teknologiak erabiltzea itsasoaren erasoen eta denboraleen eraginpean dauden errepideak ikuskatzeko. Berasaluzeren hitzetan, "konponbidea mantentzeko eta prebenitzeko beharra dago, klima-aldaketari erresilienteak diren errepideak" lortzeko.
Errepidearen berri emateko kanala
Aldundiko iturriek, bestalde, Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidean egiten ari diren lanek unean uneko zirkulazio mozketak eragingo dituztela eta ibilgailu astunek ere bertatik zirkulatzea debekatuta dutela ohartarazi dute. Errepide hori erabiltzen duten erabiltzaileei, beraz, "ahal den neurrian", behintzat, Meagaseko errepidea erabiltzeko gomendatu diete.
Errepide horretatik egunero zirkulazio dentsitate handia igarotzen dela jakitun, gogorarazi dute informazio-kanal bat abiatu dutela Telegram aplikazioan. "Bertatik ehunka zein milaka lagun edota ibilgailu pasatzen direla jakinik, foru aldundiak horiei guztiei zuzenduriko informazio kanal bat sortu du Telegram aplikazioan, errepidearen puntu horren unean uneko itxieren eta gorabeheren berri emateko. N-634 KOSTA da kanal horren izena, eta interesa duen oro batu daiteke".