Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, itsasoak kalteak eragin ditu Deba eta Mutriku arteko GI-638 errepidearen azpialdeko euste-horman, ura barrualdera sartu izanaren ondorioz. Debako eta Mutrikuko udal iturriek zehaztutakoaren arabera, hain zuzen, olatuek “gutxi gorabehera 10 metroko zabalerako eta zenbait metroko sakonerako zulo bat sortu” dute bertan.
Aldundiko teknikariak atzo izan ziren eremu kaltetuan, errepidearen egoera zuzenean aztertzeko eta jarraitu beharreko hurrengo urratsak adosteko. Oraingoz, dena den, ez dute zehaztasun gehiago eman. "Oinezkoen eta txirrindularien pasealekuaz gain, errepideko errei bat ere itxita dago. Eguraldia baretu artean, ezingo da eremua behar bezala aztertu, baina bideak itxita egoten jarraitu beharko du datozen egunotan ere", ohartarazi dute gaur goizean aldundiko Bide Azpiegiturak departamentuko prentsa bulegotik.
Eguerdian gaineratu dute departamentuak emergentziazko prozedura baten bidez "ahal bezain laster" jarriko dituela martxan eremu kaltetua konpontzeko lanak. Horretarako, nolanahi ere, "eguraldia baretu eta egonkortu beharko da" aurrez.