"Euskararen garrantzia berresteko eta sustatzeko konpromiso irmoarekin", Debako Udalak datorren hamarkadarako Euskara Plana egiteko prozesua hastear dela iragarri du. "Plan honen bereizgarri nagusietako bat da elkarlanean egingo dela, hau da, parte hartze prozesuan Debako herritarrek, eragileek eta euskararen munduan lanean diharduten elkarteek eta abarrek hartuko dutela parte", nabarmendu dute.
Azaldu dutenez, planaren edukia osatzeko, hiru lantalde eratuko dira udalerrian: transmisio-sozializazio taldea, merkataritza taldea, eta sentsibilizazio taldea. Eta, aurreikusitakoaren arabera, guztira bederatzi bilera egingo dira martxoa eta maiatza bitartean; hiru batzar egingo ditu, hain justu, aipatutako lantalde bakoitzak.
Sentsibilizazio taldearena izango da lehenbiziko bilera, gaur arratsaldean. Udal iturriek adierazitakoaren arabera, bertan tokiko eragileek eta herritarrek beren ikuspegia emateko eta bilkuran modu aktiboan parte hartzeko aukera izango dute, "euskarak ardatz nagusi izaten jarrai dezan Debaren etorkizunean". 18:30ean hasiko da batzarra, Agirre jauregiko Ispiluen gelan.
Bileren egutegia
Maiatza bitartean lantalde bakoitzak egingo dituen bileren egutegia finkatu eta iragarri du dagoeneko udalak. Hona hemen batzarren egutegia:
- Transmisio-sozializazio taldea (eskolak, gurasoak eta eskolaz kanpoko jarduerak biltzen dituena): martxoaren 19an, apirilaren 16an eta maiatzaren 14an (18:30ean), Ispiluen gelan.
- Merkataritza taldea (dendak eta ostalaritzan establezimenduak dituzten herritarrekin osatua): martxoaren 26an, apirilaren 23an eta maiatzaren 21ean (ordutegia zehaztu gabe oraindik), Ispiluen gelan.
- Sentsibilizazio taldea (euskalgintzari lotutako elkarte guztiei zein norbanakoei irekia): martxoaren 14an (gaur), apirilaren 11n eta maiatzaren 9an (18:30ean), Ispiluen gelan.