Datozen hamar urteetan "udalaren eta herriaren gidari eta oinarri izango den" Euskara Plana garatuko duela iragarri du Debako Udalak. "Plan hori partaidetza prozesu baten bidez garatuko da eta, beraz, Debako bizilagunen lankidetzaren garrantzia ezinbestekoa izango da; Debako nortasunaren funtsezko zutabe izaten jarraituko duen etorkizuna elkarrekin eraikitzea da udalaren helburua".
Azaldu dutenez, planaren edukia osatzeko, hiru lantalde eratuko dira: transmisio/sozializazio lantaldea (familia eta eskolaz gain, kirola, kultura eta aisia, besteak beste), arlo horietan dabiltzan eragileekin osatu nahi dena; merkataritza lantaldea, denda eta ostalaritzan establezimenduak dituztenekin; eta sentsibilizazio lantaldea, euskalgintzan diharduten elkarte zein, oro har, norbanako guztiekin. Lehenengo bietarako, esparru horretan diharduten herriko eragileei gonbidapena bidali zaie eta, hirugarrenean, herrian euskara garatzen eta indartzen lagundu nahi duen edonork parte har dezake.
Sentsibilizaziorako lantaldeak hiru bilera egingo ditu martxoa eta maiatza bitartean, diagnostikoak partekatzeko, hurrengo hamarkadarako helburuak eta horiek lortzeko ekintzak proposatzeko eta, azkenik, lortutako emaitzak aurkezteko, fintzeko eta osatzeko. Saio horiek martxoaren 14an, apirilaren 11n eta maiatzaren 9an egingo dira; bilera guztiak ostegunetan izango dira, 18:30ean.
Batzarrak eta formularioa
Horrez gain, azaldu dute batzar ireki bat edo bi antolatuko direla, lantaldeek egindako lanen berri emateko eta herritarren ekarpenak jasotzeko. "Gaur egungo egoeraren ikuspegi argia izateko eta Debak hamarkada batean egon nahi duen lekurako bidea marrazteko", diagnostiko-formulario bat ere partekatu dute; otsailaren 29a baino lehen bete behar da.
Prozesuan parte hartzeko deia egin die Alazne Txurruka alkateak herritarrei. "Gure nortasuna mantentzeko eta indartzeko, ezinbestekoa da elkartuta lan egitea, batera, udalak, tokiko eragileek eta herritarrek. Guztion laguntzarekin, aurrerapauso handiak egingo ditugulakoan gaude".