Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatzen duen Udaberri Sariko lehen finalak jokatu zituzten aurreko asteburuan, eta gomazko paletako bi txapel Debara etorri dira. Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubeko Amaia Aizpuruk eta Maialen Rosak, esaterako, nagusi mailako emakumezkoen gomazko paletako txapela janztea lortu dute. Herriko taldeko bikoteak ozta-ozta irabazi zuen igandean (martxoak 10) Debako Aldats pilotalekuko zaleen aurrean erabaki zen finala; 30-27 gailendu zitzaizkien Hernaniko taldetik kantxaratutako Maddi Iriondori eta Joana Tolaretxipiri.
Debarrek lortutako bigarren txapela, berriz, Euskal Jolaseko gizonezko nagusien 2. mailako gomazko paletako bikotearentzat izan da. Aitor Barinagarrementeriak eta Xabier Berasaluzek, hain zuzen, nagusitasun osoz irabazi zuten larunbatean (martxoak 9) Astigarragan jokatu zuten finala; 25-11 irabazi zuten Mundarroko Asier Larramendiren eta Argoitz Otañoren aurka.
Txapeldunorde ere bai
Igandean Deban bertan jokatu zuten beste finala galdu ondoren, aldiz, txapeldunorde tituluarekin konformatu behar izan du Euskal Jolaseko nagusi mailako gizonezkoen larruzko paletako bikoteak. Iñaki Badiola eta Manex Prieto kantxan gogor saiatu baziren ere, 20-35 galdu zuten Ilunpe taldeko Eneko Martijaren eta Mikel Sanchezen aurka.