Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatzen duen Udaberri Saria bukaerara iritsi da. Federazioko iturriek jakitera eman dutenez, asteburuan jokatuko dituzte lehenbiziko finalak. Deban, hain zuzen, nagusi mailako emakumezkoen gomazko paletako eta nagusi mailako gizonezkoen larruzko paletako finalak jokatuko dituzte igande (martxoak 10) goizean, eta herriko taldeetako ordezkariak bi finaletan izango dira presente.
11:00etan hasiko da final sorta, eta kantxaratzen lehenak nagusi mailako emakumezkoen gomazko paletako finalistak izango dira. Final handia 30 tantora jokatuko dute, eta Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubaren ordezkariek Hernaniko taldea izango dute arerio. Binakako norgehiagokarako Amaia Aizpuru, Maialen Rosa eta Maite Mugartegi daude deituta etxeko taldetik eta Hernaniko taldetik, Maddi Iriondo, Irati Miner, Joana Tolaretxipi eta Irati Salaregi.
Hurrengo norgehiagokari helduko diotenak, berriz, nagusi mailako gizonezkoen larruzko paletako finalistak izango dira. Herriko Euskal Jolas taldea ordezkatuko dutenak Iñaki Badiola eta Manex Prieto izango dira; Azpeitiako Ilunpe taldeko Eneko Martija eta Mikel Sanchez izango dituzte aurrez aurre, 35 tantora jokatuko den final handian.
Astigarragan ere
Euskal Jolaseko palistek, gainera, larunbat (martxoak 9) goizean Astigarragan jokatuko den beste finalerako txartela lortu dute. Federaziotik azaldu dutenez, 10:00etan hasita, hiru final hartuko ditu Udalekoa frontoiak. Euskal Jolasekoek, zehazki, gizonezko nagusien 2. mailako gomazko paletako finala jokatuko dute Astigarragako Mundarrokoen aurka. Gazte mailako finalaren ondoren izango da norgehiagoka, eta Euskal Jolaseko Aitor Barinagarrementeriak eta Xabier Berasaluzek osatutako bikoak Mundarroko Asier Larramendi eta Argoitz Otaño izango ditu aurrez aurre.