Elizburun martxan dagoen etxebizitza tasatuen sustapen berriaren xehetasunak eman zituen atzo Gorka Aranegui Grupo Eibarreko zuzendari nagusiak. Gogorarazi zuen 38 familia izan zirela onuradun Debako Udalak egindako zozketan eta, adierazi zuenez, "gure saltzaileek familia onuradun guztiei jakinarazi dizkiete obren ezaugarriak, eta dagoeneko sinatu dituzte salerosketa-kontratuak".
38 etxebizitzak lau ataridun bloke batean eraikiko dira: "Mogel kaleko 42, 44, 46 eta 48 zenbakiak izango dira. Etxebizitzak lau solairutan banatuko dira, eta atikoa ere izango dute. Etxebizitza bakoitzak bere garaje-plaza eta trastelekua ere izango ditu. Gainera, 38 etxebizitzetako bat egokitua izango da".
Araneguik zehaztu zuenaren arabera, etxebizitzen esleipendun izan diren herritar guztiek kalitatearen memoria eskuratu ahal izan dute; memoria horrek etxeen ezaugarri nagusiak laburbiltzen ditu: "Etxebizitzek PVCzko kanpoko arotzeria eta beira bikoitza izango dituzte, baita haritz-zurez amaitutako barruko ateak ere, eta sukaldeek eta komunek zeramikazko estaldura izango dute. Bainugelen kasuan, bakarra denean, dutxa-platera edo bainuontzia aukeratu ahal izango dute jabeek; eta bi bainugela dauden kasuetan, bigarrenak bainuontzia izango du. Eraikinaren zerbitzu komunei dagokienean, hala nola portala, ataria eta eskailerak, horiek zeramikazko edo harrizko zoladurazko akabera izango dute, eta horrela kalitate eta erosotasun estandar bat bermatuko zaie etorkizuneko biztanleei".
2026ko udarako
Obren nondik norakoei dagokienean, Araneguik azaldu zuen lursailaren indusketa egin dela eta zimenduak jartzeko lanak eta atzeko euste-hormak egiten ari direla orain. "Apirilaren erdialderako garajearen zola amaituta izatea eta eraikinaren egiturarekin jarraitzea aurreikusten da, eta uda honetarako amaituko da. Joan den urtarrilaren 26an amaitu genuen egitura eta igeltserotza-lanak egiteko dorre-garabiaren muntaketa. Garabi hori 12-14 hilabetez egongo da kokagunean. Gure obraren plangintzaren barruan, 2026ko lehen lauhilekoan obrak amaitu ahal izatea dugu helburu, etxebizitzak erosi dituzten 38 familiek 2026ko udarako eskuratzeko aukera izan dezaten”.
"Gobernu taldearen lehentasunetako bat"
Alazne Txurruka alkateak agerraldian azpimarratu zuen Debako etxebizitza dela, "zalantzarik gabe, gobernu taldearen lehentasunetako bat". "Udalaren ardura hartu genuen unetik, Debako etxebizitza-politika suspertzea eta birbideratzea izan dugu helburu, aurreko legealditik jasotako erronken jakitun. Gure ekintzarik azkarrena Elizburuko etxebizitza tasatuen proiektua martxan jartzea izan da. Proiektu honek, urteetan hiri-garapena geldiarazi duen ataskoa konpontzeaz gain, 38 etxebizitza zozkatzeko aukera eman digu. Urrats hau etxeen esleipen hutsa baino askoz gehiago izan da; gure gazteentzat eta Debako herritar guztientzat aukera bat ireki da, beraien herrian bertan etxebizitza bat eskuratu ahal izateko".
Ildo beretik nabarmendu zuen "Amillagako eta Osioko garapenek tokiko gorbernuarentzat duten garrantzi estrategikoa", proiektuak agintaldi honetarako "lehentasuna" direla berretsiz. Horiek hala, 2025ean Amillagaren garapenari hasiera emateko plan espezifikoak lantzen ari direla azaldu zuen, bi proiektuetan aldi berean "modu eraginkorrean eta ahalik eta denbora laburrenean" aurrera egiteko helburuarekin. "Udalak etxebizitza sortzeko duen ikuspegi proaktiboa azpimarratzeaz gain, Debako bizilagunen garapen iraunkorraren eta epe luzerako ongizatearen aldeko apustu irmoa ere islatzen du proiektu honek".