Uztailaren 28an egingo dute Elizburuko a.300.5 partzelan eraikiko dituzten babes publikoko udal erregimen tasatuko etxebizitza tasatuak eta horiei atxikitutako trasteleku eta garajeak eskuratzeko zozketa. Kiroldegian izango da, 12:00etan hasita. Guztira, 38 etxebizitza tasatu zozkatuko dituzte: egokitu gabeko hiru logelako hogei, egokitu gabeko bi logelako hamasei eta egokitutako bi logelako beste bi.
Udalak argitaratutako datuen arabera, behin betiko zerrendan 160 pertsona daude izena emanda: hortik bik egokitutako bi logelako etxebizitzetako bat aukeratu ahal izango dute, beste 47k egokitu gabeko bi logelako etxebizitzetako bat (zortzi ez daude lehentasun-baldintzetan sartuta) eta gainerako 111k egokitu gabeko hiru gelako etxebizitzetako bat (sei ez dauden lehentasun-baldintzetan sartuta).
Prozedurari dagokionez, eskaera bakoitzari ausazko zenbaki bat egokitu zaio, eta zenbaki horiek izango dira zozketako ontzian sartuko dituztenak. Bi zozketa egingo dituzte: alde batetik, egokituko gabeko hiru logelako etxebizitzen zozketa eta, bestetik, egokitu gabeko bi logelakoena egingo dute. Aldi berean, egokitutako bi etxebizitzei dagokien zozketa ere egingo dute.
Ateratako zenbakia eta jarraian datozenek izango dute etxebizitza tasatu horietako bat eskuratzeko eskubidea
Prozesu guztia notario batek ikuskatuko du, eta iragarri dutenez, zozketa bakoitzean zenbaki bakarra aterako dute; hau da, ateratako zenbakia eta jarraian datozenek izango dute etxebizitza tasatu horietako bat eskuratzeko eskubidea.
Udaletik gogorarazi dutenez, behin betiko zerrendetan agertzen direnek zozketan bertan egon beharko dute, izan ere, unean bertan aukeratu beharko dute eskuratu nahi duten etxebizitza. Hori bai, bertaratu ezin dutenek beren konfiantzako pertsona bati ahalordetzea emateko aukera izango dutela azpimarratu dute, “etxebizitzaren bat esleitzen bazaio etxebizitza bere izenean aukeratu ahal izan dezan”.
Ahalordetzea emateko zuzenbidean baliozkoa den edozein bide erabili daitekeela esan dute. Besteak beste, Herritarren Arretarako Bulegoan eskuragarri dagoen apud acta ahalordetze-eredua erabili izango da. “Notario aurrean emandako ahalordetzea izan ezik, ahalordea ematea dokumentua zozketa aurretik udaletxean aurkeztu beharko da”. Ohartarazi dute dokumentuak ez duela baliorik izango udal zigilurik ez baldin badu.