Abian laukote nafarrak Hotz izeneko single berria aurkeztu du; atzo (urtarrilak 28) gauean egin zuten publiko, baina ostiralean (urtarrilak 26) Kultur Elkarteko kontzertura joan zirenek "primizian" ikusteko aukera izan zuten. Musika taldeko kideek jakitera eman dutenez, kaleratu duten laugarren bideoklipa Deba eta inguruetan grabatu dute osorik. Taldekideen esanetan, ikus-entzunezko berriarekin "naturari garrantzia" eman nahi zioten, eta arrazoi horregatik aukeratu dute udalerria. "Itsasoa eta mendia lotzen dituen paisaia baten bila genbiltzan. Deba ezaguna genuen eta aukera ona iruditu zitzaigun abestiarekin kontatu nahi genuena erakutsi ahal izateko".
Urte hasieran grabatu zituzten irudiak Ekhiñe Aizkorbe artistaren gidaritzapean, eta Ainhoa Zabaltza da protagonista. Bideoklipak, gainera, gorputz adierazpenari garrantzia berezia eman nahian, Igor Baroja dantzari debarraren eta Teresa Etxeberria herriarekin harreman estua duen dantzariaren partea hartzea ere badakar. Taldekideek lagunak dituzte Baroja eta Etxeberria eta azpimarratu dutenez, "oso aukera ona eta polita" iruditu zitzaien haiekin lan egitea.
Abian taldea
Taldea Iruñerriko lau emakumek osatzen dute; Maialen Aizpun De la Peñak (ahotsa eta gitarra), Nahia Garaikoetxea Salinasek (ahotsa, gitarra eta trikitia), Itziar Olague Barberenak (ahotsa eta biola) eta Olatz Jimenez Nadalesek (ahotsa eta teklatua) osatzen dute taldeko lau piezako puzzlea. 2020ko urrian sortu zen taldea, hirukote formatuan, baina 2023ko maiatzean, Olatz Jimenez gehitu zitzaien taldera.