ELKARRIZKETA

“Publikoarekiko gertutasuna transmititzen saiatzen gara beti, eta Kultur Elkartean ere espero dugu horrela izatea”

Berriketan 2024ko urt. 25a, 09:00

Abian taldeko kide Itziar Olague, Maialen Aizpun, Nahia Garaikoetxea eta Olatz Jimenez. (NEREA LAYANA)

Nafarroako Abian taldearen kontzertuarekin ekingo dio urteko egitarauari KulturEkin egitasmoak. Beste talde euskaldun batzuen bertsioak beren kanta propioekin uztartuz, laukoteak emanaldi "lasaia eta goxoa" eskainiko du, formatu akustikoan, urtarrilaren 26an. Hitzordua 20:00etan izango da, Kultur Elkartean. Sarrerak bertan izango dira salgai, baita Internet bidez ere aurrez (labur.eus/kulturabian estekaren bitartez).

Hirukote gisa egin zituzten lehen emanaldiak, baina lau dira gaur egun  Abian musika talde nafarra osatzen duten kideak: Maialen Aizpun De la Peña (ahotsa eta gitarra), Nahia Garaikoetxea Salinas (ahotsa, gitarra eta trikitia), Itziar Olague Barberena (ahotsa eta biola) eta Olatz Jimenez Nadales (ahotsa eta teklatua). Abesti berri bat lantzen aritu dira azkenaldian eta Deban grabatu berri dute bideoklipa, urtarrilean, Igor Baroja eta Teresa Etxeberria dantzariekin batera. Grabazioa eta Kultur Elkartean emango duten kontzertua aitzakiatzat hartuta, Nahia Garaikoetxearekin bildu da Berriketan, taldearen ibilbidea eta proiektuak ezagutu nahian.

Noiz edo nolatan sortu zen taldea? Noiztik zabiltzate 'abian'? 
2020ko urrian sortu zen taldea, pote batzuk hartzen ari ginela. Lehendik ere Maialen eta biok lagunak ginen eta noizbehinka batzen ginen abestiak gure kasa jotzeko. Nik betidanik neukan buruan taldetxo bat sortzeko ideia eta behin, Iruñean nengoela, Itziarrekin topo egin nuen. Biola jotzen zuela gogoratu, eta txantxa eta barre artean talde bat sortu behar genuela aipatzen hasi ginen. Elkartzen hasi ginen eta konturatu orduko esku artean genuen gure lehenengo kontzertua.

Hirukote izatetik laukote izatera pasa zarete bidean, ezta?
Bai. Hiru ginen hasieran (Itziar, Maialen eta hirurok) eta, taldea zabaldu nahian, 2023ko apirilean Olatzekin kontaktuan jarri ginen, teklatua jotzen zuela jakin genuelako. Beldur pixka batekin jaso zuen berria, baina gure taldeko dinamika eta giroa ikusita, berehala animatu zen. Beraz, 2023ko maiatzean hiru izatetik lau izatera pasa ginen eta ekainean bertan laukote bezala grabatu genituen gure lehenengo abestiak.

Lehenbiziko proiektua al duzue hau elkarlanean? 
Bai, beste testuinguru batzuetan topo egin dugun arren, talde gisa hau da gure lehenengo proiektua.

Zer nolako musikak edo kantek osatzen dute zuen errepertorioa? Bertsioak ez ezik, tartean abesti propioak ere badituzuela aipatu duzu, ezta? 
Orokorrean gustuko ditugun talde euskaldun ezberdinen (Unidad Alavesa, Berri Txarrak, Katamalo...) bertsioak jotzen ditugu. Baina, bai, baditugu abesti propioak ere. 2022ko ekainean Nostalgia kaleratu genuen, eta 2023an Udaberritzen eta Arimen oihartzuna.

Euskaraz aritzen al zarete beti? Irizpide zehatzik baduzue hizkuntzari dagokionean?
Ez beti, baina gu euskaldunak izanda eta gure gustuak kontuan hartuta, gehienetan euskaraz aritzen gara. Egia esan, ez dugu hizkuntza irizpide zehatzik jarraitzen, baina abestiak sortzeko orduan errazagoa egiten zaigu euskaraz egitea. Hala ere, jotzen dugun lekuaren eta testuinguruaren arabera errepertorioa moldatzen dugu.

Rotten XIII, Ibil Bedi, Skabidean, Tatxers… Azken bolada honetan Nafarroako hainbat taldek erreferentzial-tasuna lortu dute musikagintzan. Indartsu sartu dira eszenan, euskaraz abesten gainera. Zer deritzozue? Nolabaiteko loraldi baten lekuko garela esan genezake? Edo kasualitate hutsa da?
Gaur egun Nafarroan dagoen musika eszena oso aberatsa da, bai talde kopuruagatik, bai sortutako estiloen eta generoen aniztasunagatik. Ez dut uste kasualitate hutsa denik. Taldeen estiloek eta hitzek helarazten duten mezuagatik ez ezik, arrakasta euskal musika gaur egungo garaietara egokitzeko eta gazteriaren beharrei erantzuteko gaitasunagatik ere lortu dela esango nuke. Horrek oso panorama polita sortu du musika talde nafarrei dagokienean.

Gustura sentitzen al zarete oholtza gainean? Hainbat zuzeneko egin dituzue dagoeneko… 
Egia esan, hori esperientziarekin lantzen den kontua dela esango nuke. Gutxinaka erosoago sentitzen bagara ere, oraindik urduritasuna nabarmena izaten da gugan. Hala ere, hasieratik animatu izan gara kontzertuak ematera, beldur horri aurre eginez. Taldearen dinamika lasaia izan arren, kontzertu nahikotxo eman ditugula esan dezakegu eta pozik gaude taldea bera hartzen ari den jarrerarekin eta egiten ari garen bidearekin.

“Nafarroan dagoen musika eszena oso aberatsa da, bai talde kopuruagatik, bai sortutako estiloen eta generoen aniztasunagatik. Ez dut uste kasualitate hutsa denik”

Spotify, Instagram… presente zaudete sare sozialetan eta Interneten. Ezinbestekoa al da gaur egun?
Argi dago gaur egun teknologia berriak direla jendearengana iristeko biderik azkarrenak. Gizartean ezagutzera emateko beharrezkoa da sare sozialetan aktibo egotea. Abian taldearentzat, nahiko erronka handia da sare sozialak behar bezala kudeatu ahal izatea; gure aktibotasuna taldearen erritmora egokitzen da eta, beraz, kosta egiten zaigu gizarteak eskatzen duen berehalakotasun horretara iristea. Ez gara oso trebeak sareetan, eta ez diegu denbora gehiegi eskaintzen, baina gure abestiak sare eta plataforma digitaletan igota daude, bai. Egiten ditugun kontzertuen zein proiektu guztien berri ematen dugu Instagramen.

Nolakoak izan ziren 'Nostalgia', 'Udaberritzen' eta 'Arimen oihartzuna' kanten grabazio prozesuak? Pozik emaitzarekin?
Grabaketak luzeak izaten dira beti, kontuan hartu beharreko faktore asko izaten baitira. Hala ere, momentu politak izaten dira, denbora luzez landutakoak behingoz argia ikusten duelako. Grabazioetan, gainera, musika munduan adituak diren hainbat pertsona ezagutzeko aukera ere izan dugu. Gure kasuan, Nostalgia Ander Navarrorekin grabatu genuen eta gainontzeko abestiak grabatzen Musikki estudioan izan ginen, Adrian Vallejorekin. Gure eskerrik beroenak haientzat.

Eta zer duzue orain esku artean? Izan ere, jakin badakigu Deban ibili zaretela egunotan bideoklip berriren bat grabatzen… Zer moduz joan da?
Azkenaldian, hilabete amaieran kaleratuko den abesti berri bat lantzen aritu gara. Bideoklipa, aipatu duzun bezala, Deban grabatu genuen urte hasieran, Ekhiñe Aizkorberen eskutik. Egun bikainak pasa genituen elkarrekin eta emaitza lan polita da. Egindako lana Kultur Elkarteko kontzertuan aurkeztuko dugu.

Bideoklipa zer nolatan edo zergatik Deban? Arrazoi bereziren batengatik? Gainera, bertoko beste hainbat lagunek ere parte hartu dute proiektuan, ezta?
Naturari garrantzia eman nahi genion, eta itsasoa eta mendia lotzen dituen paisaia baten bila genbiltzan. Deba ezaguna genuen eta aukera ona iruditu zitzaigun abestiarekin kontatu nahi genuena erakutsi ahal izateko. Gainera, bertako lagun ditugun Igor Baroja eta Teresa Etxeberria dantzariak izanik, oso aukera ona eta polita iruditu zitzaigun haiekin lan egitea.

“Bertako lagun ditugun Igor Baroja eta Teresa Etxeberria dantzariak izanik, oso aukera ona eta polita iruditu zitzaigun bideoklipean haiekin lan egitea”

Bihar (ostirala) berriro izango zarete Deban, Kultur Elkarteko agertokian kontzertua eskainiko baituzue. Zer dakarzue emanaldira?
Ohikoa den bezala, publikoak gure estilora eta gustuetara egokitutako errepertorioa entzuteko aukera izango du bertan. Kontzertu lasaia eta goxoa izango da, formatu akustikoan, eta talde eta genero ezberdineko abestiekin eta gure kanta propioekin osatuko dugu emanaldia. Publikoarekiko gertutasuna transmititzen saiatzen gara beti eta, 2022ko udan Debako Gaztetxean egin genuen bezala, oraingoan Kultur Elkartean ere espero dugu horrela izatea.

Zer asmo ditu taldeak etorkizunera begira?
Ez diogu etorkizunari asko erreparatzen, unea bizi dugu. Momentuan suertatzen diren proiektuak gogotsu jasotzen ditugu eta ez diogu gure sormenari inolako mugarik jartzen. Pozik gaude lortzen ari garenarekin, eta kontzertuak ematen eta abesti berriak sortzen jarraitu nahi dugu. Abian gaude!