Bihar iluntzean Baketik Fundazioaren “Eta hik zer?” antzerkiforuma izango da Agirre jauregian, Bizikidetza Batzordearen ekimenez. Indarkeriak gure egunerokotasunean zenbaterainoko eragina izan duen agerian uzten duen obra da eta gure bizikidetzaren inguruko hausnarketa egitea bilatzen du; horretarako, hiru galdera hauei buruzko ideiak partekatzea proposatzen du: Zer gertatu zen eta zergatik? Zer egin dezakegu orain? Eta, zer egin dezakegu etorkizunean berriz gerta ez dadin?
Batzordearen ustez, “aukera polita da iragana gogoratzeko, bizi izandako egunerokotasuneko gertaera batzukaztertzeko eta, aurrera begira, etorkizun partekatua bestelako ikuspegi batetik sortzeko”.
Debako Bizikidetza Batzordea 2019an aurkeztu zen eta, Udalak gogorarazi bezala, “Udaleko alderdi politiko guztien adostasunarekin, gure gertuko historian izandako giza eskubideen urraketa eta sufrimenduaren inguruan lanketa egiten ari da”. Batzordeak agerian jarri nahi du gertuko iraganean bizi, sentitu eta pairatutako sufrimenduak “ukaezinak” direla; “hortaz, hauek ezagutu, errespetatu eta aitortzea ezinbestekoa da. Herritar ezberdinek bizi izandako giza eskubideen urraketak ezagutu nahi ditugu, elkarri entzun eta elkarri aitortu”.
Antzerkiforuma bihar izango da, 19:00etatik 21:00etara, Agirre jauregiko Ispiluen gelan (antzerkia euskaraz egingo da, eta foruma ele bietan). Aurrez eman behar da izena, 685 72 00 32 telefono zenbakira deituta (izen-ematea lekua bete arte egongo da zabalik).