Goizeko 11:00etan abiatuko da mutilen UCI junior mailako txirrindularien proba eta bi ordu eta erdiko iraupena izango duela aurreikusi dute antolatzaileek. Lasterketak eragina izango du zirkulazioan eta aparkalekuetan: geltoki zaharreko (merkatuko) aparkalekua, adibidez, erreserbatuta egongo da gaur eta bihar eta, ondorioz, ezingo da bertan aparkatu. Bihar, halaber, ibilgailuek debekatuta izango dute herrigunera sartzea eta 11:00ak arte ezingo dira tabernetako terrazak jarri. Sari-banaketarako eszenatokia Foruen plazan jarriko dute.
Era berean, Lurraldebusek ere jakinarazi du autobusetan eragina izango duela lasterketak. DB03 linean, Deban, zebrabidearen ondoan egingo da geldialdia, Lersundi kalearen parean, bi noranzkoetan.
Gipuzkoako Klasikoaren lehen hitzordua izango da biharkoa Deban (Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak Debako Amaikak Bat eta Donostiako Donosti Gain elkarteen laguntzarekin antolatu du lasterketa). Bigarren etapa Egian (Donostian) jokatuko da, etzi.