XXVIII. Txirrindularitzako Gipuzkoako Klasikoa Deban, Amaikak Bat kirol elkartearen 75. urteurrena dela eta

Berriketan 2022ko api. 20a, 12:14
Badira 45-50 urte Amaikak Bat-en txirrindularien atala Deban lasterketak antolatzen ari dela. Urtero kadete eta jubenil lasterketa bana eta karrera zikloturista bat antolatu ohi dituzte. Baina aurten, 75.urteurrena dela eta, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak, aspaldiko partez, Gipuzkoako Klasikoa (UCI junior mutilak) ekarri du Debara.

Aurtengoan, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak Debako Amaikak Bat eta Donostiako Donosti Gain elkarteen laguntzarekin antolatu du lasterketa. Gainera, 2022ko edizioak berrikuntzak dakartza lehiaketa-egunei dagokienez, eta luxuzko parte-hartzea izango du.

Apirilaren 22an, ostirala, hasiko dira klasikoaren ingurukoak Deban taldeen izen-emate ofizialarekin (14:00etatik 16:45era). Ondoren, zuzendarien ate itxiko bilera izango da Debako osoko bilkuren aretoan.

Larunbatean, berriz, Debako Foruen plazan taldeak aurkeztu ondoren, goizeko 11:00etan hasiko da lasterketaren lehenengo etapa, eta Elkorrieta, Itziar eta Kalbario mendateak igo ondoren 13:30 inguruan espero da Debako helmugara iristea. Etapa horretan, Amaikak Bat-ek bere urteroko junior mailako saria XLVII.a, hain zuzen ere, banatuko du.

Bigarren etapa Egian jokatuko da. 10:30ean hasiko da eta bertan jakingo da Gipuzkoa Klasikoaren irabazlea nor izango den, eguerdiko 14:00etan. Astigarragako Bentetako igoerak eta Basozabal argitaragabea gainditu beharko dituzte han gazteek, erabakiorrak izango diren % 18ko arrapalekin.

Parte-hartzeari dagokionez, Gipuzkoako talderik ez da faltako, eta Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Entente Iparraldeko selekzioak ere ez. Tropeleko gainerako talde guztiak atzerritarrak izango dira, eta Portugalgo Bairrada izango da kartelburua, Antonio Morgado egungo txapelduna eta aurtengo Portugalgo PACAren irabazlea. Hemen rutometroa eta izena emandakoen zerrenda.