Eusko Jaurlaritzak 2022ko laguntza-plana aurkeztuko die eskualdeko enpresa txiki eta ertainei

Berriketan 2022ko mai. 11a, 19:06

Debabarreneko enpresek programa bakoitzaren xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte bihar Eibarren egingo den jardunaldian. Enpresa Txiki eta Ertainentzako (ETE) 2022ko laguntza-planak 74 programa jasotzen ditu eta aurrekontua 600 milioi baino gehiagokoa da.

Eusko Jaurlaritzak Debabarreneko enpresei Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ETEentzako 2022ko laguntza-plana aurkeztuko die bihar, maiatzak 12. Informazio-jardunaldia, Debegesarekin elkarlanean antolatua, Debegesaren egoitzan egingo da (Azitain industrialdea, 3 bis), goizeko 9:30etik 11:30era. Laguntzen aurkezpenaren ostean, enpresek networking egin dezaten tartea egongo da eta, saioa amaitu ostean, Jaurlaritzako ordezkariek Eibarko ABC Compressors enpresa bisitatuko dute.

Enpresa Txiki eta Ertainentzako 2022ko laguntza-planak 74 programa biltzen ditu eta 600 milioi baino gehiagoko aurrekontua du. Laguntza horien helburua da ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea, “arreta berezia eskainiz Euskadiren garapen inklusibo eta jasangarriari”. Aurten I+G+b programetara eta Trantsizio Energetikora bideratutako laguntzak Eusko Jaurlaritzak ETEei zuzendutako laguntza-programen % 70 baino gehiago dira.

Biharko ekitaldian izango dira Aitor Urzelai SPRI taldearen zuzendari nagusia; Leyre Madariaga Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria; Ana Camacho Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria; Ainhoa Ondarzabal BTI- Euskadiko Nazioartekotze Agentziako kontseilaria; Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaria; Alex Boto Ihobeko zuzendaria; eta Raul Perez Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, eta bakoitzak bere arloko programen xehetasunak azalduko ditu.

Enpresek, beraz, laguntza-lerro bakoitzaren xehetasunak jakin ahal izango dituzte eta euren premietara ongien egokitzen dena aurkitu ahal izango dute. Ekitaldian Debegesako zuzendari nagusi Juan Ángel Balbásek ere parte hartuko du.

Aurkezpenera joan nahi duten enpresek aldez aurretik izena eman behar dute, Debegesaren web orrialdean: www.debegesa.eus.