Josune Urbieta

Berriketan 2022ko abe. 21a, 13:24

Euskararen biziberritzea amets dugunon komunitate debarra da Zuhatza niretzat. Deba herri euskaldunagoa egiteko helburuarekin sortu zen eta horretan jardun du fin-fin 25 urte hauetan, erabilera eta euskal kultura bultzatuz.

Euskaldunok asko dugu oraindik egiteko, baina egin beharrekoa taldean eta gogoz egiten dugunean arinagoa eta ilusionagarriagoa izaten da lan hori. Zuhatza elkarteak gogo hori hauspotzen duela iruditzen zait eta zeregin hori benetan eskertzen diot.

Herriarentzat urtean zehar antolatzen dituen ekintzen bidez eta BERRIKETAN herri aldizkariarekin adin tarte guztietara euskara iristeko ahalegina egiten du. Horien fruitua epe laburrean ez da ikusten, baina epe ertain edo luzean uzta jasoko duen esperantzarekin egiten ditu eta hala izango delakoan nago.

Zuhatza bezalako elkarteak behar ez izatea izango litzateke euskararen normalizazioa lortu izanaren seinalerik onena baina, bitartean, Zuhatza zoriontzea eta egin duen lana aitortzea besterik ez dagokit.

[Zuhatza Euskara Elkartea, 25 urte hamaika bidelagun albiste nagusira bueltatzeko, sakatu HEMEN]