“(…) Nire euskaltasuna pekatu bat da eta ez du mea-kulparik”.
Sortzetik, eta orain dela urte gutxi arte, Zuhatzako partaide aktiboa izan naiz. Ibilbide gorabeheratsu horretan, Zuhatzaren presentzia herrian nabarmentzen joan da, beste elkarte gehienekin saretze garrantzitsu bat lortu du eta euskararen erreferentziazko elkartea izatera iritsi dela esango nuke.
Une honetan eta etorkizunera begira, hizkuntza gutxituen biziraupenaren ziurgabetasuna ikusirik (Iparraldean, adibidez, hamarkada gutxitan gertatzen ari dena ikustea besterik ez dugu), Zuhatza elkartea erresistentziako lubaki indartsu bat bezala ikusten dut. Euskaldunok ez dugu komunikabide erraldoirik (mundu digitalean euskararen presentzia oso urria da), ez dugu gure hizkuntza babestuko lukeen tribunalik, ezta gure euskalduntasunaren alde egingo duen kirol selekzio ofizial ospetsurik ere. Gu txikiak gara, ahulak eta oso zaurgarriak.
Gizarte baten giza kalitatea gauza txiki eta ahulen defentsan egiten dugun ahaleginen arabera neurtuko bagenu, euskal gizartea energia sozial handikoa dela esango nuke. Euskararen defentsa egitea gizarte hobe baten alde egitea ere bada. Beraz, debarrok zorionekoak gara, behin eta berriz, gure euskalduntasunaren txinparta pizten duen halako elkarte bat izateagatik.
[Zuhatza Euskara Elkartea, 25 urte hamaika bidelagun albiste nagusira bueltatzeko, sakatu HEMEN]