Zuhatza hitz bakar batekin definitu beharko banu, oparia esango nuke; herritik eta herriarentzat sortua, hain maitatua den gure hizkuntzari herrian bere tokia eta bultzada ematen diolako, Berriketan-ek gurean gertatzen direnen berri ematen digulako eta, nire kasuan, amets eta erronkak betetzen lagundu didalako.
Eta bertako langileak? Galtza gorriak. Opariak egiten laguntzen duten horietakoak; haiei esker jasotzen dugu opari zoragarri hau. Ikusten ez den lan handia dago atzean, askotan eskertzen ez dena. Horregatik, eskerrak eman nahi nituzke. Isilpean eta ezkutuan, baina beti lanean galtza gorriak.
Laster 10 urte dira Zuhatzako kide naizela. Herrian euskarazko aisialdi talde baten beharra ikusita, hainbat gazte elkartu eta Zuhatzara jo genuen. Guretzat berria zen erronka hartan, baietza eman eta laguntza ikaragarria eskaini ziguten. Hala sortu genuen, lan handia eginez, Kolore Anitz taldea.
Eskertzekoa da gugan jarritako konfiantza. Zalantzarik gabe esan dezaket lagun handiak egiteko aukera eman didala. Batzuetan distiratsu izan den arren, zimeltze puntuan egona da gure lore morea; eta, hala ere, hura ureztatzen laguntzeko prest egon da beti elkartea eta hara ordaina, 9 urte elkarlanean eta lorea inoiz baino biziago.
Zorionak 25 urte hauengatik eta mila-mila esker, bihotzez. Jarrai ezazue opariak egiten, ez baita lan ederragorik.
[Zuhatza Euskara Elkartea, 25 urte hamaika bidelagun albiste nagusira bueltatzeko, sakatu HEMEN]