Krisian dagoen kapitalismoa ziklo ekonomiko berri batean sartu da, pobreziak eta eskubideen ezabapenak ezaugarritzen duten ziklo batean. Agerikoa da langileon bizi baldintzak geroz eta okerragoak direla, zentzu ekonomikoan zein politikoan.
Gazte langileoi modu argian eragiten digu egoera honek, eta honen ondorioak egunerokoan ikus ditzakegu: lan baldintza prekarioak, diru laguntzekiko dependentzia, aisialdiaz gozatzeko ezintasuna, bortizkeriaren gorakada, kriminalizazioa eta abar luze bat. Gazteok etorkizuna garela esaten diguten horiek oso ondo dakite hala dela eta, horregatik, bizi eredu txiro eta autoritarioa gazte belaunaldien eguneroko bilakatzen dute, etorkizunean ere hala izan dadin.
Egoera honen aurrean, gazte langileon arteko batasun politikoa sustatu eta enpresari handien eta agintarien erasoaldiari aurre egitea dagokigu. Horregatik, urtarrilaren 28an manifestazioak egingo ditugu Bilbon eta Iruñean. Mobilizazio batek ez du enpresarien erasoaldia geldituko, baina gazteon arteko antolakuntza eta borrokarako grina hedatu behar dugu, eta GKSn, gazte langileontzako erreminta bat garen heinean, helburu horiekin konprometituta gaude.
Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! Urtarrilaren 28an, mobilizatu!