Debanaturaren ekimenez, Debako itsasadarra garbituko dute larunbatean (otsailak 4) auzolanean. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Seo-BirdLife eta Ecoembesek bultzatutako Libera kanpainaren bitartez jasotako laguntzari esker abian jarri duten Ekin Berdea proiektuaren barruan egingo dute Metro koadro bat Deba ibaiaren alde izenburupean egingo duten ekintza.
Zehaztu dutenez, hezeguneek duten garrantzia eta horiek inguruan eragiten dituzten onurak ezagutzera ematea dira ekintzaren helburuak. Eta, horren harira, Deba ibaiko itsasadarraren egoera “oso tamalgarria” dela ere esan dute. Bere ertzak plastikoz eta zaborrez josita daudela ohartarazi dute, eta arrazoi horregatik ekintzaren garrantzia azpimarratu dute.
Irteera familia osoari zuzenduta dago, eta parte hartuko dutenei ura eta oinetako eta arropa egokiak eramateko gomendioa egin diete. Bertan parte hartu nahi dutenek hitzordua jarrita daukate: 11:00etan batuko dira portuko arrapalan. Lehendabizi, paseo gidatua egingo dute Debako itsasadarretik haren balio naturala ezagutzera emateko, eta, jardunaldia borobiltzeko, plastikoen eta zabor bilketa egingo dute.
Ekintza doakoa da, baina antolatzaileek aurrez izena ematea eskatu dute, antolakuntza “ahalik eta hoberen” egiteko. Ekimenari buruzko informazio gehiagorako edota izena emateko debanatura@hotmail.com helbidera idatzi edo 695 783 656 telefono zenbakira deitu daiteke.
[Albiste honekin lotuta: Diego Mendoza Debanatura elkarteko presidenteari egindako ELKARRIZKETA]