ELKARRIZKETA

Diego Mendoza: “Gurean ere ingurunea zaintzeko kultura zibiko bat sortu eta zabaldu nahi dugu”

Berriketan 2023ko ots. 1a, 11:07
2007. urtean sortu zen Debanatura Ingurumen Heziketa elkartea. Harrezkero, askotariko jarduerak egin izan ditu ibilbide honetan eta horretan dihardu oraindik ere, betiere ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatu nahian. Bide horretan jaio da, hain justu, Ekin Berdea proiektua.

Elkarteko presidente Diego Mendozak azaldu ditu haren nondik norakoak ondoko solasaldian; biologoa eta ingurumen hezitzailea da Mendoza, eta Tokiko Agendako teknikari lanetan dihardu gaur egun Mungiako Udalean.

Ekin Berdea egitasmo aitzindarian buru-belarri sartuta zabiltza aspaldidanik. Zertan oinarritzen da proiektua?
Proiektu honen bitartez herritarrak ingurumenaren hobekuntzan parte hartzera bultzatu nahi ditugu. Horretarako, besteak beste, zaborra bildu, landare inbaditzaileak deuseztatu, bertako zuhaitzak landatu edota berdeguneak sortzea bezalako ekintzak proposatuko ditugu. Azken finean, inguruko paraje eta txoko naturalak zainduz herria edertzea da helburua eta, bide batez, Debako ondare naturala ezagutarazi eta haren garrantzia azpimarratzea.

Bide horretan, zer egingo duzue?
Hainbat gune natural hobetzeko esku-hartzeak egingo ditugu, basoa lehengoratzeko asmoz bereziki, baita lorezaintza ekologikoarekin lotutako jarduerak ere. Pixkanaka, elkarlanerako berdegune txikien sare bat sortu nahi dugu herria eta ingurunea edertzeko eta naturarekiko eta geure buruarekiko lotura ahalbidetzeko. Ariketa fisikoa, ikaskuntza teoriko-praktikoa, lurrarekiko kontaktua eta harreman pertsonal positiboak dira Ekin Berdearen proposamena osatzen duten elementuak; proiektu aitzindaria da tokiko eskalan, berdeguneetan eta ingurune naturalean garapen iraunkorra lortzeko balioko duena.

Ingurune naturala zaintzea da, hortaz, helburu nagusietako bat…
Debak ingurune natural benetan pribilegiatua du eta, oro har, guztiok gara horren jakitun eta zorte handia dugu. Arno eta Andutz mendietatik hasita (artadi, belardi eta eremu harritsuekin), marearteko zabalgunea, flysch-a eta biotopoa dituen kostalderaino, itsasadarretik eta bertako paduretatik eta gertuko paraje berdeetatik igaroz (Ozioko erreka eta bere basotxoa)… nabarmena da paisaien eta habitaten aniztasuna. Hala ere, badira zenbait arazo.

Gaur egun Deba ibaian ditugun mehatxu nagusiak hondakinak, espezie inbaditzaileak eta ibai basoaren egoera ahula lirateke”

Zer arazo?
Naturan utzitako hondakinak, batez ere itsasertzean, landare inbaditzaile batzuen hedapen kezkagarria itsasadarrean, baso autoktonoen presentzia urria… Horrek bultzatzen eta motibatzen gaitu aspaldidanik halako proiektuak sustatzera. Gainera, beste herrialde batzuetan bezala, gurean ere ingurunea zaintzeko kultura zibiko bat sortu eta zabaldu nahi dugu, eta elkarlanean berdeguneak sortzea, hau da, auzolana egitea proposamen polita dela uste dugu. Ekin Berdearen fiolosofia Erresuma Batuko Green Gym proiektuan oinarritzen da. Proiektu hura osasuna sustatzen eta gaixotasunak prebenitzen aditua den William Bird doktoreak bultzatu zuen, The Conservation Volunteers proiektuarekin batera.

Egitasmoa, besteak beste, Debako itsasadarreko ibaiertzeko landaredia eta zuhaitzak babesteko jaio da. Zer berezitasun dute landaredi eta zuhaitz horiek?
Gaur egun, Aldundiak Deba-Zumaiako kostaldeko biotopoan dituen lurrez gain (itsas-lehorreko jabari publikokoak dira), Deba ibaiaren ertzak dira udalerrian titulartasun publikoko naturgune bakarrak, landaredi nahiko naturalarekin. Bertan, bereizgarriena milazkek (Tamarix gallica) osatzen duten orla da. Ibaiertzetako berezko landareek betetzen dituzten funtzioak honako hauek lirateke: ibaiertzaren lurra egonkortzen dute uraren higadura efektua gutxituz eta uholdeen ondorioak ekidinez; ibaiaren tenperatura eta argia doitzen dute, uretan bizitza ahalbidetuz; animalia espezie askoren hazkuntza eta atseden lekua, babesa eta bizileku dira; lur azpiko urak eta ur freatikoak arazten dituzte, eta aldaketa klimatikoaren eraginez ematen den itsasoaren mailaren hazkuntzaren ondorioen aurkako borrokan oinarrizko papera jokatzen dute; hori dela eta, beharrezkoa da estuarioetako ibai-ekosistemen berreskurapena, itsasoaren aurrerakadaren aurrean oztopo naturalak sortu asmoz.

Horiek babesteak zer onura ekarriko ditu, oro har? Eta ez badira babesten, zer kalte eragin ditzake?
Gaur egun Deba ibaian ditugun mehatxu nagusiak hondakinak, espezie inbaditzaileak eta ibai basoaren egoera ahula lirateke. Arazo horiei ez badiegu behingoz aurre egiten, bertako biodibertsitatearen galera eta gure ingurugiroaren osasuna kaltetzea eragin dezake.

Halako garrantzia izanda, behar beste babesten eta zaintzen al dira?
Nire iritziz, ez. 2008tik hainbat proiektu izan ditugu landare inbaditzaileekin dugun arazoari aurre egiteko. Orokorrean, ibaiek eta berezko ekosistemek duten garrantziaz eta eskaintzen dizkiguten zerbitzuez oso gutxi jabetzen gara. Deba ibaiarekiko dugun zorra itzultzeko garaia da.

“Ekimen ezberdinak egingo ditugu datozen aste eta hilabeteotan, hala nola proiektuaren aurkezpenak, loregintza ekologikoari buruzko Ekin Berdea ikastaroa helduentzat, ingurumen-boluntariotzako jardunaldiak edota ikasleei zuzendutako ingurumen heziketa eta sentsibilizazio kanpaina”

Proiektua, gainera, Seo-Birdlife eta Ecoembesek bultzatutako Libera proiektuen artean hautatua izan da. Zer garrantzia du horrek proiektuari babesa emateko orduan?
Ekin Berdea SEO-BirdLife eta Ecoembes erakundeek bultzatutako Libera proiektuaren 2022ko deialdira aurkeztu da. Proiektu horren helburu nagusia da naturan lagatzen diren hondakinen arazoari buruzko kontzientzia sortzea, Basuraleza deritzona. Horrela, bilketa eta garbiketarako jardunaldiak ere egingo dira ingurumen-boluntariotzaren bidez, herritarren parte-hartzearekin, ingurumenarekiko sentsibilizazioa lantzeko beste jarduera batzuekin batera. Euskadin bi proiektu besterik ez dituzte hautatu. Libera proiektuaren parte izateak Estatu mailan kokatzen du Ekin Berdea proiektua eta Euskadin egiten ari garenaz jakingo da.

Uneotan zenbat eragile ari diraproiektuan parte hartzen? Nola doa lankidetza hori?
SEO-BirdLife erakunde kontserbazionistaren eta Ecoembesen laguntzaz gain, Danobat-en kolaborazioa daukagu momentuz. Debako Udalean proiektua aurkeztu dugun arren, ez dugu haren babesa lortu. Bestalde, Mendata BHI ikastetxeak parte hartzea lortu dugu. Herriko eragile desberdinen parte-hartze aktiboa lortzea espero dugu, denon artean Debako inguru eta txoko naturalak edertu eta herri jasangarriago bat lortzeko.

Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak edo jarduerak?
Ekimen ezberdinak egingo ditugu datozen aste eta hilabeteotan, hala nola proiektuaren aurkezpenak, loregintza ekologikoari buruzko Ekin Berdea ikastaroa helduentzat, ingurumen-boluntariotzako jardunaldiak edota ikasleei zuzendutako ingurumen heziketa eta sentsibilizazio kanpaina. Otsailaren 4an, esate baterako, Ekin Berdearen baitan, jardunaldi bat egingo dugu Metro karratu bat Deba ibaiaren alde goiburupean. 11:00etatik aurrera, irteera gidatua egingo dugu itsasadarraren balio naturalak ezagutu eta zaborrak biltzeko. Bide batez, gainera, otsailaren 2an urtero ospatzen den Munduko Hezeguneen Egunarekin bat egingo dugu jardunaldiaren bitartez. Ekimenari buruzko informazio gehiagorako edota izena emateko debanatura@hotmail.com helbidera idatzi edo 695 783 656 telefono zenbakira dei dezakete herritarrek.