Orain Deba “inongo alderdi politikorekin lotura organikorik” ez duen plataforma “independentea” dela azpimarratu du Isidro Aristi Oruezabal zerrendaburuak. Azaldu duenez, Deba azken urteotan jasaten ari den “gainbehera publiko eta nabarmenaren aurrean” ezin dutelako “ezer egin gabe geratu” erabaki dute maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztea. “Ideia berriak eman nahi ditugu, eta, guztion artean, inertzia motel baina etengabe hori geldiaraztea lortu”.
Plataformaren asmoak. Bide horretan, esan du ahalegin berezia egingo dutela gazteek eta egoera zaurgarrian dauden pertsonek etxebizitza babestu bat eskuratzeko aukera eduki dezaten. Debako zahar etxea errealitate bihurtzeko, zumardiari buruzko adostasun proiektu bat egiteko, turismoa sustatzeko, itsasadarra eta haren ingurunea berreskuratzeko eta hotel eskaintza egokia izatea lortzeko ahaleginetan ere jarraituko dutela gaineratu du.
Asmo horietatik “haratago” joan nahi dutela ere adierazi du: “guztia ez da asmo horietara mugatzen”. Zerbait esateko eta ekarpenak egiteko prest dauden guztiarekin “elkarrizketa ireki” bat izateko nahia ere agertu du, eta, modu horretara, belaunaldi eta era guztietako debarrak “ilusionatuko” dituen programa bat osatu, Deba “inklusiboago eta parte hartzaileago” bat eraikitzeko. “Entzute aktiboko plataforma bat izan nahi du Orain Debak; helburu horiekin bat egin eta parte hartu nahi duen guztientzat irekita gaude”.
Alkategaiari buruz. Aristik 63 urte ditu eta albaitaria da lanbidez. Kirola eta natura oso gustuko ditu, eta betidanik Debako “bizitza kultura” interesatu izan zaion pertsona “herrikoi” modura definitzen du bere burua.