GUTUNA

Martxoaren 30eko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Ikasle Abertzaleak-ek

Berriketan 2023ko mar. 29a, 10:09

Ikasle Abertzaleak antolakundeak grebara deitu ditu ikasleak, “enpresari handien hezkuntzak miseriara kondenatzen” dituela salatzeko. Hona hemen Debabarrenako Ikasle Abertzaleak-ek Berriketan herri aldizkarirako idatzi duen gutuna.

Gero eta nabarmenagoa da hezkuntza sistema enpresari handien menpe dagoen erakunde bat gehiago dela, eta ikasleok gure azalean bizi ditugu horren ondorioak. Izan ere, gainerako zerbitzu publiko eta gizarteko arloen antzera, krisi garaiotan ziklo ekonomiko berrira egokitzen ari dira hezkuntza sistema ere. Eraldaketa prozesu horrek, bere ondorioak ditu bigarren hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino, lanbide heziketa barne. Finean, hezkuntzak “probetxuzkoa” izaten jarraitzen duela bermatu nahi dute elite ekonomikoek; haiei interesatzen zaizkien funtzioak betetzeko eraginkorra izaten jarraituko duela, alegia.

Babestu nahi duten beste funtzio bat etorkizuneko gizartearen kapa zabal bat prekarietatean eta miserian bizitzeko heztearena da. Horretarako, hezkuntza prozesuaren fase goiztiarrenetik diziplinamendu zorrotza aplikatzen da. Horren adibide da, batetik, bigarren hezkuntzako eredu penitentziarioa; 7 orduz  ikasgelan eserita eta otzan egoten irakastea, ikaslearen adimena garatzea baino garrantzitsuagoa da gaur egun. Bestetik, helburu horri berari eusten diote edukiaren hustuketak eta lan karga itogarriak unibertsitatean, nahiz derrigorrezko asistentziak eta praktikaldiak lanbide heziketan.

Hezkuntza eredu honek lan karga handietara eta ziurgabetasunera ohitzeko gaitasuna eskuratzea, zein arau arbitrario eta dogmetan oinarritutako errespetua eraikitzea ditu ardatz. Horregatik, ikasketa prozesutik kanporako jardun oro epaitua, zigortua eta indarrez isildua izango dela barneratzea da beste helburu bat. Horren adibide garbia dugu EHU, ikasle greba baten piketeetan parte hartzeagatik espedientea zabaltzeko mehatxupean baitaude 34 ikasle, kanporatuak izateko arriskuan, alegia.

Gainera, ikasle bakoitzaren etorkizuneko arrakasta, ikasketa prozesuaren baitan zein ondorengo lan munduan egindako esfortzuaren araberakoa dela irakasten digute gaztetatik. Ikasleok bizi dugun ziurgabetasunaren aterabidea norbere esku egongo balitz bezala. Aldiz, argi ikas dezakegu proletarizazio prozesuak gogor kolpatzen duela ikasleria ere, baldintza ekonomiko kaskarrak dituenak traba ugari baititu ikasketa prozesua aurrera eramateko.

Bitartean, hezkuntza politika asko diseinatzen ari diren arren (gobernu berri bakoitzak berri bat atera du), politikari profesionalak aipatu ditugun aldaketak egitera mugatzen dira. Politikari hauek enpresari handien esanetara daude, eta hezkuntzaren gaineko erabakimen oso txiki bat baino ez dute. Sortzen duten miseria guztiaren aurrean ogi apurrak banatzea da eskaintzeko daukaten guztia. Gainera, beharrezkoa da aipatzea, ikasturte hauetan ikusi dugun moduan, hezkuntzako sektore desberdinak desmobilizatzeaz arduratzen dira, euren etekin propiorako proposatzen dituzten erreformak,  inongo oposiziorik gabe aplika daitezen.

Zentzu horretan, ikasle langileoi zirku horretatik kanpo antolatzea besterik ez zaigu gelditzen, gure interesen defentsan. Enpresari handien menpeko hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu. Horregatik, gure bizkarretara negozioa egiten ari diren horiek, bai eta hezkuntza prozesutik kanporatzen gaituztenek gure etorkizuna mugatu ez dezaten, ezinbestekoa zaigu horri aurre egingo dion indar antolatua ehuntzea.

Langile klasearen interesak lehenetsiko dituen eta ikasle guztion beharrak bermatuko dituen hezkuntza eredua ez da ez enpresari ezta politikarien eskutik ere etorriko, eta hori borrokatzeko mobilizatu behar gara. Guztion ongizatea gutxi batzuen interes ekonomikoen gainetik jarriko duen hezkuntza sistema aldarrikatzeko, doakoa eta unibertsala izango dena. Hezkuntza sistema sozialista.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 30ean unibertsitate campusetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Martxoaren 30ean ikasleok grebara!