Zortzi urte igaro dira, bi agintaldi, 2015eko udaberrian Debako herritar talde batek, Itziarko Toki Erakunde Txikia (TET) sortzeko hartutako erabakiarekin eta gobernu taldearen kudeaketa-ereduarekin bat ez zetorrela eta, Debarren Ahotsa plataforma osatzea erabaki genuenetik. Debaren alde eta Debarentzat lan egiteko ilusio eta gogo handiko jende anitza elkartu ginen eta herritarren konfiantzari, kide guztien ahaleginari eta jasotako babes ekonomikoari esker hauteskundeak irabazi genituen.
Hasieratik, Deba ideia, proposamen eta pentsatzeko modu ezberdinekiko irekiagoa izatea izan zen gure helburua, gardentasun eta herritarren partaidetza politiketan oinarrituta. Baina Itziarko TETari buruz hartutako erabakia ez zen gure boto-emaileen zati baten gustukoa izan, eta hori 2019ko hauteskundeetan islatu zen; eta, oraingoan, EAJren babesik ez izaterakoan, oposiziora pasatu ginen.
Azken lau urte hauetan, gobernu taldearekin lanean eta lankidetzan aritu gara, Debaren garapen eta hobekuntza egokia zaintzeko eraikuntza-ariketa kritikoa eginez.
Gustatuko litzaiguke urte hauetan egindako lanari jarraipena ematea eta “Debarren Ahotsa” herriarentzat etorkizuneko proiektua izatea, baina ezingo da hala izan. Zortzi urteko lana eta dedikazioa izan da, taldeko kideok ilusio handiz egin duguna, baina agur esateko garaia iritsi da. Ez dugu belaunaldi-erreleborik lortu, eta, beraz, ez dugu hautagaitzarik aurkeztuko maiatzaren 28ko hauteskundeetara.
Eskerrak eman nahi dizkiegu hasieratik babesa eman ziguten eta taldearekin elkarlanean jarraitu duten pertsona guztiei. Eskerrik asko, Deba, plazer handia izan da!