ELKARRIZKETA

Alazne Txurruka: “Gure herriak aurrera egingo badu, guztiokin egingo du aurrera”

Berriketan 2023ko mai. 24a, 10:00
Alazne Txurruka Allika izango da EAJ-PNVren zerrendaburua udal hauteskundeetan. Berriketan aldizkariak elkarrizketatu du alkategaia, hilabetekariaren 283. alean.

Lehen aldiz aurkezten zara alkatetzara. Nola hartu duzu erronka?
Erronka handia den arren, ilusioz eta erantzukizunez hartu dut. Lan egiteko gogoz nago eta nire onena emateko prest. Argi dugu nolako herria nahi dugun, guztiontzako herria, guztion beharrak aseko dituena, eta horretarako gogotsu eta indarrez aurkitzen naiz.

Nola baloratzen dituzu azken lau urteak? Zertan asmatu da eta zertan ez?
Galdutako beste lau urte izan direla uste dut. Udal gobernuak azaldu duen gestiorako gaitasun faltak herria geldirik egotea ekarri du, eta ez hori bakarrik, gelditasun horrek herriaren gainbehera nabarmendu du eta kasu askotan etorkizuna hipotekatu du.

Zeintzuk dira uneotan arazo nagusiak herrian?
Asko eta askotarikoak dira herriak dituen arazo edo gabezia nagusiak. Etxebizitza falta nabarmena da: baita ostalaritza eta komertzio urritasuna ere; turistek ez dute Deba bisitatzen; azpiegitura eza agerikoa da; herriaren mantenua ere eskasa da, Zumardia eta hondartza ingurua utzita daudela ikusten da…

Zein alorretan jarriko ditu indarrak zure taldeak agintaldi berrian?
Etxebizitza faltari irteera eman nahiko genioke, Osio eta Amillagaren garapena bultzatuz. Herriko adinekoak erdigunean jarrita, zainketen tokiko ekosistema lortzea izango da helburua. Turismoa estrategikoa da herriaren garapena bultzatu nahi badugu eta ostalaritza eta komertzioa indartzen saiatuko gara. Trenen maiztasunari eta trenbide pasaguneari irtenbidea emateko pausoak emango ditugu. Herria bizirik mantendu nahi badugu, nahitaezkoa da kultur ekipamendu bat izatea eta honen kokapenaren inguruko azterketa egingo dugu, lehenbailehen egikaritzeko pausoak emanez. Zumardia berreskuratzeko beharrezko pausoak emango ditugu. Itziarko industria-gunea balioan jartzen saiatuko gara. Kooperatiba energetikoa martxan jarriko dugu… Itziarren, berriz, Itziarko Auzo Udalarekin orpoz orpo egingo dugu lan itziartarren behar eta nahiak ahalik eta ondoen bete daitezen, eta lehentasunezkoa den eskola txikia bultzatuko dugu, horretarako beharrezko diren baliabideak bideratuz.

100 udal baino gehiago ditu egun UEMAk; Deba da horietako bat. Euskararen erabileraren datuak apalduz doaz, ordea. Zer nolako hizkuntza politika landuko duzue?
Deba udalerri euskalduna da eta hizkuntzaren ezagutza maila oso altua da, baina egia da erabilera datuak gero eta eskasagoak direla eta horrek kezkatzen gaitu. Erabileran eragina izan dezaketen eremuetan eragin beharko dugu ohitura bihurtu direnak aldatu ahal izateko, hala nola aisialdi guneetan, kirol taldeetan… Hauek dira hizkuntza naturaltasunez erabiltzeko gunerik aproposenak eta hauetan eraginda, ohiturak aldatzeko aukera izan dezakegu. Oraindik badira euskaldundu beharreko eremuak eta indar berezia jarriko dugu, adibidez, komertzioaren euskalduntzean, kanpotik datozenei euskara eskuragarri jartzen, euskara ikasi nahi dutenei horretarako baliabideak eskaintzen. Herri euskaldunean bizi garela nabarmentzen saiatuko gara.

Gobernatzeko beste alderdiekin akordioak egiteko prest zaudete?
Gure herriak aurrera egingo badu, guztiokin egingo du aurrera. Datozen udal hauteskundeetako emaitzak zeintzuk diren ikusi beharko dugu lehendabizi eta zein akordio egin ditzakegun ikusi beharko dugu ondoren, betiere gure izateari eta gure hauteskunde-programari eutsiz.

Zergatik eman beharko litzaioke botoa zure alderdiari?
EAJ-PNVri botoa ematea bermea izatea da. Zintzotasunez eta leialtasunez aginduko dugun bermea izatea, gainerako estamentuekin elkarlanean arituko garen bermea izatea. Gestiorako gaitasuna duen talde eraginkorra dugu, gizon-emakume prestuz osatutako taldea, lanerako prest dagoena, herria axola zaion taldea eta herriaren alde lan egiteko gogotsu dagoena. Guztiok gaude gure onena emateko prest herri honek eta bertan bizi garenok merezi dugun herria izan dezagun. Emandako hitza beteko dugu.

EAJ-PNV • Udal hauteskundeetako hautagaien zerrenda:

  1. Alazne Txurruka
  2. Asier Urain (ind.)
  3. Mónica de Prado (ind.)
  4. Jon Riaño
  5. Anton Garay
  6. Ainhoa Urbieta (ind.)
  7. Igone Urkiri (ind.)
  8. Andima Egaña
  9. Esther Ansola (ind.)
  10. Iñaki Amilleta (ind.)
  11. Mª Asunción Larrañaga (ind.)
  12. Beatriz Resa
  13. Javier Zalduegui