Lau hitzaldik osatuko dute Ikastenek uztailerako antolatu duen ‘Marea gora’ zikloa

Berriketan 2023ko eka. 23a, 13:58

Uztaileko asteazkenetan izango dira hitzorduak, Debako Kultur Elkartean, 19:00etan. Bertan, askotariko gaiak landuko dituzte, profil eta ibilbide ezberdineko gonbidatuen gidaritzapean.

Debako uztaileko kultur eskaintza zabalean parte hartuko du aurten Debabarreneko Ikasten elkarteak, Esperientzia Eskolaren 18. promozioarekin. Maiatzaren amaieran eman zuten amaitutzat aurtengo ikasturtea, baina diplomak banatzeko ekitaldian aurreratu zuten bezalaxe, proiektu ezberdinak dituzte esku artean, eta horietako bat da, hain justu, Marea gora.

Debako hainbat eragilek elkarlanean antolatu duten Gure Giro programazioaren baitan egingo dira Marea gora zikloko solasaldiak. Arduradunek azaldu zutenez, “Marea gora izena jarri diogu. Izan ere, mareak gora egiten duenean hondarra mugitzen du eta ura uhertu egiten da. Orduan, jendea hondartzatik joaten da, herrigunera adibidez. Guk hori nahi dugu, jendea herrira joan dadila hitzaldiak entzutera”.

Atzo, ekainaren 22an, aurkeztu zuten hitzaldi zikloaren egitaraua, Debako Agirre jauregian egindako prentsaurrekoan. Ikasten elkarteko kideek nabarmendu zutenez, ibilbide pertsonal eta profesional ezberdineko gonbidatuak izango dira solasaldietako protagonistak, askotariko gaiak hizpide hartuta. Egitasmoak Debako Udalaren eta Kultur Elkartearen babesa ere badauka.

EGITARAUA:

  • Uztailak 5. Antartikatik gure itsas hondoraino. Hizlaria: Maria Intxaustegi (itsaspeko arkeologoa, kapitaina eta urpekari profesionala eta espedizio gidaria belaontziekin).
  • Uztailak 12. Gaurkotasuna Ekialde Hurbilean. Hizlaria: Mikel Ayestaran (ia bi hamarkada daramatza munduko lurralde gatazkatsuetan barrena lanean. Kazetari moduan, besteak beste, sari hauek jaso ditu: 2009ko Nazioarteko Prentsa Klubaren saria, 2017ko Manu Leguineche Katedra saria eta 2018ko Ignacio Ellacuria saria). Oharra: hitzaldia gazteleraz izango da.
  • Uztailak 19. Adimen artifiziala, azken iraultza teknologikoa. Hizlaria: Ibai Inziarte (Automozioan eta Robotikan ingeniaria. Gaur egun, Aldakin Taldeko Berrikuntza zuzendaria eta dibulgatzaile zientifikoa da). Oharra: hitzaldia gazteleraz izango da.
  • Uztailak 26. Geoparkea izan zitekeen Zentral Nuklearretik. Hizlaria: Pako Salegi (ibilbide profesional luzeko kooperatibista eta gizarte aktibista debarra. Besteak beste, Debako zentral nuklearraren aurkako militantea). Oharra: hitzaldia gazteleraz izango da.