Esperientzia Eskolaren 18. promozioak ikasturtea amaitu du

Berriketan 2023ko mai. 29a, 08:00

Maiatzaren 25ean banatu zizkieten ikasturte amaierako diplomak 18. promozioko ikasleei, Eibarko Armeria Eskolan egin zen ekitaldian.

Eva Perez de Albeniz Esperientzia Eskolako koordinatzaileak eta Jon Iraola Eibarko alkateak hartu zuten hitza Armeria Eskolan egin zen saioan, eta ekimenak duen balioa azpimarratu zuten. “Ondo inbertitutako dirua da”, aipatu zuten. “Gauzak ikasteko interesa duten eskualdeko pertsonen erreferentziazko tokia da Esperientzia Eskola”, euren esanetan.

Horren lekuko dira Maite Larrañaga eta Joxean Egaña, 18. promozioko kideak. “Konfiantzazko gunea da eta taldeak kohesioa lortu du. Konfiantzaz gain, errespetua eta laguntasuna sustatu da ikasturtean zehar”, Larrañagaren berbetan.

Esperientzia Eskolan 26 ikasle aritu dira aurten, 20 emakume eta sei gizon (iaz baino bat gehiago); eta eskualdeko hainbat herritatik joandakoez gain (Mallabia, Soraluze, Deba, Elgoibar eta Eibar), bestelako herri batzuetako ikasleak ere izan dira tartean, hala nola Ondarroa eta Elorriokoak.

Ikasturtean gai asko landu dituzte. “Batzuk kulturalak edo filosofikoak izan dira, baina beste batzuk askotan lantzen ez direnak: sexualitatea, identitatea, emozioak…”, aipatu zuen Larrañagak. Bere iritziz, “atseginez ikasten denean, adinak garrantzirik ez duela ikusi dugu”.

‘Marea gora’ proiektua. Taldeak beste urtebetez jarraitzeko gogoa duela eta buruan proiektu asko dituztela aipatu zuen Egañak. Horietako bat azaldu zuen ekitaldian: Marea gora hitzaldi-saioa. “Izen hori jarri diogu. Izan ere, mareak gora egiten duenean hondarra mugitzen du eta ura uhertu egiten da. Orduan, jendea hondartzatik joaten da, herrigunera adibidez. Guk hori nahi dugu, jendea herrira joan dadila hitzaldiak entzutera”, azaldu zuen Egañak.

Hitzaldiak uztaileko asteazkenetan egingo dira, 19:00etan, Debako Kultur Elkartean, eta saioak guztiz itxita ez dauden arren, euren proposamena azaldu zuen Egañak:

Hilaren 5ean, Maria Intxaustegi itsaspeko arkeologoak eta itsas-historialariak (besteak beste), XXI. mendeko esploratzaile baten bizimodua hitzaldia eskainiko du; 12an, Mikel Ayestaran kazetaria ekarri nahi dute; 19an, Ibai Inziarte ingeniari eibartarrak adimen artifizialari buruz jardungo du; eta 26an, Pako Salegi Debako zentral nuklearraren aurkako borrokako militanteak gai horren inguruan hitz egingo du.