GUTUNA

“Hemen da Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista”

Berriketan 2023ko uzt. 17a, 09:11

Hona hemen Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuko kideek Berriketan herri aldizkarira igorri duten gutuna.

Ekainaren 10ean Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista aurkeztu genuen Bilbon. Pasa den urtetik martxan dabilen Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatua honen barnean kokatzen da. Azken urte hauetan, Euskal Herrian, hainbat etxebizitza sindikatu sortu dira Mugimendu Sozialistaren baitan. Maila lokaletik antolakuntza nazionalera pasatzeko beharraren isla da Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurkezpena.

Bilbon egindako aurkezpena ez da marka berri baten aurkezpen soila, doako etxebizitza duin eta unibertsalaren aldeko proposamen politiko oso bat baizik. Alderdi parlamentarioen esanetan, etxegabetzeak iraganeko kontuak dira, baina azken hilabetean Erandion, Hernanin eta beste hainbat lekutan eman diren etxegabetzeek egia gordina zein den erakutsi dute. Etxegabetzeez gain, etxebizitzaren arazoa larrituz doa: alokairuaren prezioa maximo historikoetan dago EAEn, 3.000 etxebizitzatik gora daude hutsik Nafarroan, etxebizitzen ia % 30 luxuzko etxebizitza da Ipar Euskal Herrian, 700 etxegabetze baino gehiago izan ziren EAEn 2022an, 3.600 lagun inguru bizi dira kale gorrian Euskal Herrian eta etxebizitzen bahitura kasuek ugaritzen jarraitzen dute, besteak beste.

Proletariotzaren bizi-bitartekoak garestitzen ari diren honetan, oinarrizko bizi-bitartekoetara iristen ez direnen kopurua gero eta handiagoa da. Etxebizitza eskubidea sistematikoki ukatua zaio proletariotzari. Honen aurrean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik antolakuntzarako deia egiten dugu. Kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den etxebizitzaren alde, Estatu Sozialista eraiki.

Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, idatzi esindikatua.debabailara@gmail.com helbidera edo deitu 671 19 59 24 telefono zenbakira.