Egun, Zumaia eta Donostia arteko trenaren maiztasuna ordu betekoa da asteburuetan, ekaina eta iraila arteko larunbatetan ordea, ordu erdikoa da maiztasuna. Honen ondorioz, asko dira trenak gainezka doazen egunak. Honek ondorio kaltegarriak ditu erabiltzaile askorengan, batez ere adindun eta mugikortasun urria dutenengan. Zenbaitetan, zerbitzuko trenak nahikoak ez direnez, erabiltzaile batzuk ordu bete itxaron behar izaten dute hurrengo trena hartzeko.
Horretaz gain, Debabarrenako eskualdeak Zumaiarekin duen trenbide loturan hobekuntzak egiteko eskaria egin zuen Euskotren 30 minuturo plataformak, Debabarrena eta Urola-Kostako hainbat herrietan 5.000 sinadura baino gehiago lortu ostean. Eibar eta Zumaia arteko tren zerbitzua hobetzeko asmoz, eskaria minimoetatik abiatu zen. Egunerokoan ezinbestekoak diren ordu tarteak indartzea proposatu zen, hau da, puntako orduak indartzea: 07:00etatik 09:00etara, 13:00etatik 16:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
Kostaldeko trenaren zerbitzua nabarmen hobetuko luke obrarik behar ez duen aldaketa batek: Gipuzkoako Kostaldeko trenaren linea Debaraino luzatzeak. Linea Zumaian beharrean Deban amaituko balitz, beste bi geltokitara zabalduko litzateke zerbitzua eta kostalde osoari emango lioke zerbitzua.
- Euskotrenek Gipuzkoako kostaldeko E1 lineako zerbitzua hobetu dezala: tren zerbitzuak, urte osokoak zein aldian aldikoak, Debaraino luzatuz; eta 30 minutuko maiztasuna ezarriz aste osoan eta urte osoan.
- Euskotrenek zerbitzu hobekuntza hauek egiteko beharrezkoak diren inbertsioak egin ditzala.
- Gipuzkoan zerbitzua ematen duten Euskotreneko E1 lineako ordutegi eta ibilbideetan proposatzen diren hobekuntzak gauzatu ditzala, milaka gipuzkoarren mugikortasuna hobetzeko helburuarekin.
- Altzolako saihesbidearen proiektua aurreikusitako epean amaitu dezala, eta ondoren Deba eta Elgoibar arteko maiztasuna 30 minutukoa izan dadila.