Joan den urriaren 26an ohiko osoko bilkura izan zen udaletxean, eta bertan eztabaidatu ziren gaien artean Donostia-Zumaia tren linea Debaraino luzatzea proposatzen zuen lau puntutako mozioa aurkeztu eta bozkatu zen EH Bilduren ekimenez. Mozioa EH Bilduren aldeko bost botorekin onartu bazen ere, EAJren sei zinegotziek eta Orain Debaren zinegotziak abstentziora jo izana kritikatu du koalizio abertzaleak.
Mozioa adosteko borondaterik erakutsi ez izana eta bozkaren zentzua arrazoitu ez izana “kezkagarria” dela deitoratu du Gilen Garcia Debako EH Bilduren bozeramaileak. “Udalerri gisa, eskualde gisa eta inguruko erabiltzaileei begira, kezkagarria iruditzen zaigu hain oinarrizkoa den eskaera baten aurrean gobernuko ordezkariek abstentziora jotzea, neurria babestu beharrean. Deigarria iruditzen zaigu, aldi berean, haien bozkaren zentzua arrazoitu ez izana. Mugikortasunaz eta garraio publikoaren sustapenaz hainbeste hitz egiten den garai honetan benetako neurriak hartzeko prest ote dauden zalantzan jartzen dugu”.
EH Bilduk komunikabideetara helarazitako prentsa oharrean azaldutakoaren arabera, hasiera batean mozioaren alde agertu zen alkatea. “Osoko bilkura baino bi egun lehenago mozioaren edukia alkatearekin kontrastatzeko aukera izan genuen, eta bere aldeko iritzia adierazi zigun hitzez. Hala ere, nabarmendu nahi dugu udal gobernua osatzen duten bi alderdietako batek ere ez ziola mozio hau lantzeko edo adosteko mezuari erantzun”. Hori esatearekin batera, mozioan jasotakoa —Donostia-Zumaia tren zerbitzua ordu erdiko maiztasunarekin Debaraino luzatzea, alegia— debarrentzat eta garraio publikoaren erabiltzaileentzat “oinarrizkoa” dela gaineratu dute koalizio abertzaleko kideek.
[Irakurri HEMEN mozioa osorik]
Are gehiago, osoko bilkuran, mozioa bozkatu baino lehen, alkateak urriaren 11n Eusko Trenbide Sareko ordezkariekin izandako bileraren berri eman zuela eta bertan Euskotreni egindako eskariak zeintzuk izan ziren azaldu zuela jakitera eman du EH Bilduk. Koalizio abertzaleko zinegotziek, zentzu horretan, euren “babes osoa” agertu zioten alkateari, eta bide horretan jarraitzeko eskatuaz batera, “herri interesekoak diren gaiak elkarrekin defendatzeko” prest agertu ziren. Mozio bozkatzeko orduan, hala ere, “posizio ezberdinak” ikusi zirela salatu dute.
EH Bilduk gogorarazi duenez, urriaren 26ko osoko bilkuran eztabaidatutako gaia hainbat erakundetatik ibilbidea egin duen gaia da. “Urriaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Lurralde-plangintza, Etxebizitza eta Garraio batzordean Unai Fernandez de Betoño EH Bilduren legebiltzarkideak egin zuen proposamenaren aurka bozkatu zuten EAJk eta PSEk. Urriaren 18an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mugikortasun batzordean ere landu zen proposamena, baina ez zen onartua izan EAJk, PSEk eta PPk beste testu bat onartu zutelako, eta Podemoseko ordezkariak abstentziora jo zuelako”. Horren harira, Garciak ohartarazi du udalaz gaindiko erabakiek Debari eta bere inguruko herritarrei “kalte besterik ez” dakarkiela.
[Irakurri HEMEN mozioa osorik]